Aurreko artikuluetan, Muniolako dikearen jatorri geologikoa deskribatu dugu. Ondoren, Muniolako dike basaltikoaren egungo egoeraren deskribapena egin dugu. Eta gaur, Muniolako bloke karstikoaren alderdi berezi eta bereizgarri bat aipatuko dizuegu: Uharren leizea.
Uharren leizea
2009ko azaroaren 7an, Elgoibarko espeologoek leize harrigarri bat aurkitu zuten Aizkoltxia harrobian, leherketek agerian utzi zutena, jatorrizko putzuan hamabosten bat suntsitu ondoren. Gure ustetan, leize hori lursailaren azaleraren adinakoa izan zitekeen. Bitxia bada ere, sarrera, harrobiaren hego-ekialdeko alderdiko mailetako batean zegoena, Momiolako dike basaltikoaren ezkerraldetik 12 metrora gelditzen zen.
Barrunbe hau aurkitu eta esploratzea abentura zirraragarria izan zen, nahiz eta, baldintza atmosferiko ezin txarragoek euri ugari ekarri ziguten. Hala ere, prezipitazio haiei esker, ohartu ahal izan ginen euriak barrunbea ia osorik zeharkatzen zuten bi uhar elikatzen zituela. Hurrengo astean, euririk gabe, bigarren aldiz esploratzera joan ginenerako, uhar haiek desagertuta zeuden.
Barrunbearen bukaera aldera, baina, beste ustekabe bat izan genuen: kareharrizkoa ez zen haitzean hustutako areto txiki laukizuzena. Hasierako azterketa egin ostean, zoruan pilatuta zeuden eta hareharriaren testura zuten paralelepipedo tankerako formek pentsarazi ziguten areto hura sortu zela, kareharrizko geruza sorta bat hustu egin zelako. Horrexegatik, aretoari Geruzen aretoa deitu genion. Gerora, leizearen kanpoaldean eta barrualdean ikusi genuenak ulertarazi zigun Geruzen aretoan hustu zena Momiolako dike basaltikoa zela, eta ez, kareharri sorta bat.
Horretaz gain, ikusi genuenari esker, egiaztatu ahal izan genuen Momiolako dikeak ezin izan ziela lurrazpiko urei eutsi, eta gainera, ondoan zeuden kareharrietan baino hutsune handiagoa egin zela bertan.