Landaredia fosila

Flora fosil esaten diegu garai geologikoetan bizi izan ziren landare-fosilei, fosilizazioa izeneko prozesu fisiko-kimiko baten bidez, harri sedimentarioetan kontserbatu direnei. Eskuarki, zatirik gogorrenak bakarrik kontserbatzen dira, eta ezohikoa da zatirik bigunenak ere kontserbatzea. Honi esker, posible da landare bat sailkatzeko ezinbestekoak diren zatietako batzuk guregana iristea, hala nola: hostoak, zurtoinen zati bat, haziak eta erretxina fosila.

Paleobotanika iraganeko landare-erreinuaren edo flora fosilaren bizitza, garapena eta bilakaera aztertzen dituen zientzia da. Paleobotanika (grekera: palaio- παλαιός gr. ‘antzinakoa’, gr. zient. ‘fosila’ ere bai + botan- βοτάνη gr. ‘belarra’ + -ikē gr. ‘ikerketa’, ‘teknika’) antzinako garaietan bizi izan ziren landareen hondakinak ikertzen dituen diziplina eta zientzia bat da, botanikak eta paleontologiak partekatzen dutena. Horretaz gain, antzinako inguruneak eta bizitzaren historia berreraikitzeko erabiltzen ditu hondakinak. Lehorreko landareen fosilak eta itsas autotrofoak, adibidez, algak aztertzen ditu.

Jatorrian, izaki bizidun guztiak itsasoan sortzen dira, baldin eta landaretzat hartzen eta definitzen baditugu izaki bizidun fotosintetiko guztiak, alegia, lurzoruari lotuta daudenak eta gas karbonikoz (CO2) elikatzen direnak. Era berean, landaretzat har ditzakegu alga urdin edo zianobakterioak, estromatolito ere deitzen zaienak; beraz, izaki bizidun guztien jatorria, baita landareena ere, zianobakterioak baldin badira, konturatuko gara hauek direla, ia ziurrenik, lurreko itsaso primitiboetan agertu ziren estreinako izaki bizidunak; izan ere, fotosintesia egiteko gai izan ziren lehenak estromatolitoak izan ziren. Antzinakoenak, gutxi gorabehera, duela 3700 milioi urte agertu ziren. Estromatolitoak izaki nimiñoak dira, milioika alek osaturiko kolonietan biltzen direnak. Alga txiki hauek fotosintesia egiteko era bitxi bat zuten, itsasoko karbono dioxidoa (CO2), landare guztiak elikatzen dituena, xurgatuz. Karbonoa elikagai bezala geratzen zen, erabiltzen ez zuten oxigenoa atmosferara itzuliz eta karbonoa euren gorputzei finkatuz, oskol edo hezurdura moduko bat eraikitzeko. Horrela, beste milaka batzuekin elkarturik, arroka moduko bat osatzen zuten, baina arroka bizi bat. Zianobakterio ñimiño horiei esker, lurra oxigenatzen eta atmosfera prestatzen joan zen, ondorengo bizi-baldintzak egokiak izan zitezen askoz ere eboluzionatuagoak eta konplexuagoak ziren izaki bizidunentzat. Harrigarria badirudi ere, gaur egun ere badaude estromatolitoak edo alga urdinak (zianobakterioak).

Milaka milioi urteko eboluzio eta garapen geldoaren ondoren, estromatolitoek lurrean zegoen CO2 kantitate andana garbitu eta oxigenatu egin zuten, flora uretatik kanpo garatu ahal izan zedin. Horrela, flora lurra kolonizatzen hasi zen erdi Ordoviziarrean, duela 470 milioi urte inguru.

Bi landare mota nagusi daude, goi mailakoak, Kormofito deituak, zurtoina edo enborra, adarrak, hostoak eta sustraiak dituztenak; eta behe mailakoak edo talofitak (algak, onddoak eta likenak), askoz primitiboagoak. Goi mailako lehen landare baskularrak Siluriar garaian agertu ziren, duela 440 milioi urte inguru, eta Devoniar garaian, duela 410 milioi urte, dibertsifikatu egin ziren eboluzio jauzi handi bat jasan ondoren. Karboniferoa, duela 360 milioi urte, landareen erreinu handia izan zen. Klase eta familia ezberdin ugari sortu ziren garai honetan, lurrak iratze erraldoiz estaliriko baso eremu izugarriak zituenean. Garai honetan sortu ziren ikatz jalkin handiak. Horiek lurperatuta geratu ziren baldintza atmosferiko oso bereziengatik eta karbonifikazio prozesu bat jasan zuten landare hondakinen metaketa handiengatik.

Gaur egun, 320.000 landare-espezie ezberdin inguru daude deskribatuta, eta horietatik, 30.000 uretakoak dira. Landare-espezieen erregistro fosila, berriz, 8.000 ingurukoa da.

Flora fosilaren galeria