Ornogabeak
ORNOGABEAK
Animalia ornogabetzat hartzen dira bizkarrezurrik edo barne-hezurdura artikulaturik ez dutenak. Horietako askok exoeskeletoak, maskorrak eta babes-oskolak dituzten arren, animalien % 95 ornogabeak dira.
Eboluzioari dagokionez, animalia ornodunak baino askoz zaharragoak eta primitiboagoak dira. Uste da animalia ornogabe zelulabakar eta zelulanitzen lehen formak duela 3600 milioi urte inguru agertu zirela Kanbriaurrean. Baliteke izaki bizidun horiek uretan sinbiosian bizitzea zianobakterio edo estromatolito moduan garatu ziren lehen landareekin batera, hau da, bizitzeko modu primitibo horiekin batera. Izaki bizidun primitibo hauek (harrigarria bada ere, gaur egun ere existitzen dira) izan ziren lurra oxigenatu eta bizitzeko egoki bihurtu zutenak, eta izaki bizidun eboluzionatuagoentzako bidea prestatu zutenak. Haien metabolismoari esker, zianobakterioek karbono dioxidoa xurgatu eta oxigenoa kanporatzen zuten. Prozesu horren baitan, espezie batzuek karbonoa finkatu zuten, eta honen bidez, lehenengo oskolak eta kare-jalkin organikoak sortu ziren.
3.000 milioi urteko eboluzioaren ondoren, Kanbriar Aroan, jada, eboluzio jauzi handia gertatu zen. Animalia espezieak izugarri garatu eta ugaldu ziren, baina beti uretan, horietako asko oskolekin eta maskorrekin korazatu ziren, eta, pixkanaka, gero eta animalia konplexu eta garatuagoak bihurtu ziren.
Museoan animalia ornogabeen adibide ugari ditugu: zefalopodoak; moluskuak, adibidez, bibalbioak eta gasteropodoak; artropodoak, hala nola, trilobiteak; krustazeoak eta intsektuak; ekinodermoak, esaterako, asteroideoak; krinoideoak, e.a.
Ornogabeen sailkapena
Harraparien aurkako babesa dutenak: maskorrak, kuskuak, oskolak.
- Artropodoak
- Moluskuak
- Ekinodermoak
Gorputzaren babesik ez dutenak.
- Harrak
- Poriferoak (Belakiak)
- Zelentereoak
Artropodoak
Hankak artikulatuta dituzten animaliak dira, eta gorputza honela banatzen da: burua, toraxa eta sabelaldea.
Lau talde daude:
Intsektuak
Intsektuak gure planetako animaliarik anitzenak dira, milioika espezie daude, eta kopuru handitan agertzen dira. Uste denez, Lur planetako izaki bizidunen % 90 baino gehiago intsektuak dira. Bere gorputza hiru zatitan banatuta dago: burua, toraxa eta sabelaldea. Hiru hanka pare eta antena pare bat dituzte. Askotan, intsektuek bi hegal pare dituzte, eta hegan egiteko gai diren ornogabe bakarrak dira.
Intsektuen adibideak: eulia, inurria, eltxoa, kakalardoa, tximeleta, erlea.
Araknidoak
Araknidoak animalien erresumako bigarren talderik ugariena dira. Bere gorputza bi zatitan banatuta dago: zefalotoraxa (buruaren eta toraxaren arteko lotura) eta sabelaldea. Araknidoek lau hanka pare dituzte eta ez dute antenarik.
Araknidoen adibideak: armiarma, eskorpioia, kaparra.
Miriapodoak
Miriapodoek, segmentu ugariz osatutako buru bat eta enbor luze bat dituzte. Hanka pare ugari dituzte, baita antenak eta masailezurrak ere.
Miriapodoen adibideak: ehunzangoak, milazangoak.
Krustazeoak
Krustazeo gehienak uretakoak dira. Oro har, 5-10 hanka pare izaten dituzte. Krustazeo batzuek, aurreko hankak, pintza bihurtuak dituzte. Bi antena pare dituzten artropodo bakarrak dira.
Krustazeoen adibideak: karramarroa, otarraina, izkira.
Moluskuak
Moluskuak ornogaberik ugarienak dira artropodoen ondoren.
Gorputza biguna dute, oso babestua alde biko simetria duen kareharrizko maskor gogor bati esker. Muskulu-oina duten animalia bakarrak dira.
Moluskuak 3 talde nagusitan bana daitezke:
1. – Zefalopodoak
Zefalopodo guztiak uretakoak dira, eta ez dute kanpoko maskorrik. Oinak buruaren ondoan agertzen dira. Olagarroek zortzi oin dituzte, baina beste zefalopodo batzuek, askoz gehiago. Begi garatuenak dituzten ornogabeak dira. Zefalopodo batzuek tinta beltz bat jariatzen dute ezkutatzeko.
Zefalopodoen adibideak: olagarroa, txipiroia.
2. – Bibalbioak
Bibalbio guztiak uretakoak dira. Bi piezako oskol (maskorra) bat dute, eta horiei kusku deitzen zaie. Kuskuak, normalean, simetrikoak izan ohi dira, eta bisagra batek eta lokailuek lotzen dituzte. Ez dute bereizitako bururik.
Bibalbioen adibideak: ostra, muskuilua, txirla.
3. – Gasteropodoak
Gasteropodo espezieen bi heren itsasoan bizi dira. Gasteropodoek buru bat dute, oin gihartsu bat eta, normalean, maskor dortsal bat kiribilean bildua. 2 edo 4 tentakulu sentsorial izan ohi dituzte.
Gasteropodoen adibideak: barraskiloa, barea, lapa.
Ekinodermoak
Ekinodermo guztiak itsasoan bizi dira (ez dira ur gezatan bizi). Gorputz latza dute, simetria erradialarekin. Ondo definitutako bi alde dituzte, bata, bere ahoaren behealdean, eta, bestea, gogorragoa den goiko aldean. Itsas izar baten gorputza, bost ataletan banatuta dago, erdiko disko baten inguruan kokaturik. Bere besoetako bat apurtzen bada, erraz birsortzen da. Trikuek gorputza biribilagoa dute eta arantzaz estalita daude.
Ekinodermoen adibideak: itsas izarra (asteroideak eta ofiuroak), trikuak eta krinoideoak
Harrak
Gorputza biguna eta luzea dute. Herrestan mugitzen dira.
Harrak 3 talde nagusitan banatzen dira:
– Anelidoak
Ezaugarri nagusia da bere gorputza eraztunetan zatituta dagoela eta alde biko simetria dutela. Normalean itsasoan edo leku hezeetan bizi dira.
Anelidoen adibideak: lurrezko zizarea, izaina.
– Nematodoak
Batzuetan, zizare borobil izenez ezagutzen dira, eta ez dute gorputza segmentaturik. Gorputz luzanga dute, zilindrikoa eta aldebiko simetria.
Nematodoen adibideak: anisakisa, trikina, oxiuroa (pidullea).
– Platelmintoak
Alde biko simetria dute eta, normalean, zapalak dira, xingola baten tankerakoak. Platelminto asko parasitoak dira, ostalari bat behar dutenak. Beste batzuk, ordea, itsasoko edo lurreko giro hezeetan bizi dira.
Platelmintoen adibideak: planaria, tenia (solitaria).
Zelentereoak
Zelentereoen bi forma daude: modu askean mugi daitezkeen marmokak eta leku batean finkatuta dauden polipoak.
– Marmokak
Marmokek gorputza ia gardena dute, uretan flotatzen dute eta forma erradiala dute, aterki baten antzera. Garroak dituzte, eta urtikaria sortzen edo beste animalia batzuk geldiarazten dute.
– Polipoak
Polipoek zaku forma dute. Mutur bat arroka batera (edo itsas objektu batera) finkatzen da, eta beste aldeak, zulo bat du harrapakinak harrapatzeko garroekin.
Zelentereoen adibideak: itsas anemona, korala.
Poriferoak/Belakiak
Poriferoak ezagunagoak dira belaki izenaz. Landare itxura dute eta itsasoan bizi dira, arrokei edo urpean dauden beste objektu batzuei lotuta.
Bere gorputzak zulo edo poro txiki asko ditu. Gorputz irregularra dute, simetriarik gabekoa. Poriferoak ornogaberik sinpleenak dira, ez dute ez organorik, ez burmuinik, ez nerbio-sistemarik. Zelula batzuk erabiltzen dituzte beren poroetatik sartzen den uretan dauden elikagaien partikulak harrapatzeko.
Poriferoen adibideak: belaki tubularra.