Elgoibarko eta Mendaroko historia geologikoa
Elgoibarko eta Mendaroko egungo udalerriak osatzen dituzten lurrak harri sedimentarioz osatuta daude, hau da, itsas arro baten hondoan milioika urtez metatu ziren sedimentuetatik sortutako arrokez.
Kretazeoan, duela 120 milioi urte baino gehiago, ia Euskal Herri osoa itsaso epel batek estaltzen zuen, eta, batez ere, bertan sedimentatzen ziren, gutxi gorabehera, Iberiar Penintsularen mendebaldeko erdia hartzen duen gertuko mendigune Hesperikoaren higaduraren ondorioz erauzitako materialak; izan ere, garai hartarako, mendigune hori urgaineratuta zegoen.
Itsas hondo hartan jalkitako hareatik, buztinetik eta material karbonatatuetatik datoz Elgoibarko herriaren zati handi batean aurkitzen ditugun hareharriak, buztin arbeltsuak, margak eta kareharriak, nahiz eta Mendaroko herrian, gehienbat, kareharriak aurki daitezkeen. Azken honen azalpen gisa, esan daiteke, itsaso bero haren sakonera eskasa eta bertako uren garbitasuna berebizikoak izan zirela Euskal Herriko mendilerro nagusiak sortu zituzten koralezko arrezifeak agertzeko. Esaterako, Izarraitz-Arno mendigunea, Mendaroko mendi gehienak hartzen dituena.
Gure gainerako harri sedimentarioak, guztiz geruzatuta ageri dira, hau da, sedimentazio-baldintzen aldaketen ondorioz, lodiera aldakorreko geruzatan antolatuta. Aitzitik, Mendaroko kareharriak modu masiboan ikus daitezke, ageriko estratifikaziorik gabe, hezurdura koralinoen etengabeko metaketa erraldoien emaitza baitira. Izarraitz-Arnoko kareharrien lodiera 700 metrotik gorakoa dela kalkulatzen da.
Elgoibarren kareharri handi horiek Momiolako bloke karstikoan baino ez dira ageri, eta gaur egun Aizkoltxia harrobia da horiek ustiatzen ari dena.
Besteak beste, hareharriz edo buztin arbeltsuz tartekatutako kareharrizko geruzak Elgoibarren ohikoak badira ere, benetako kareharrizko beste bloke bat baino ez dugu aurkitu Erreketa baserriaren inguruan. Kareharrizko bloke horren ondorioz, mikrokarst bat ere eratu da.
Kareharri errefaletan bezala, badirudi Erreketako kareharri horietan ere berebiziko eragina izan duela eskeletoak edo itsas izakien oskolak metatzeak kareharri horiek eratzeko orduan. Hala ere, kareharri horiek ez dira koralei esker sortu, orbitolinei esker baizik.
Orbitolinak foraminifero mota bat dira, hezurdura edo oskola duten itsas izakien mota bat, kapela txinatar formako maskor bat izateagatik bereizten direnak. Horietako asko normalean mikroskopioan ikusten direla kontuan hartuta, orbitolinak 5 cm-ko diametroa izatera iritsi daitezkeenez, foraminifero handien barruan sartzen dira, Erreketako kareharrietan 1,4 cm-tik gorako diametroa duten orbitolinak aurkitu ez ditugun arren. Orbitolinak, ur beroetako organismo tipikoak eta arrokak sortzen dituzten organismo handiak izateagatik ere bereizten dira.
Kretazeoan, gure itsasora inguruko lurretako landare-hondakinak ere iristen ziren, eta Elgoibarko udalerrian landare fosilen aztarnaren bat aurkitu badugu ere, Debako udalerrian landare fosilen aztarna garrantzitsuagoak aurki ditzakegu, horiek jalki zireneko gune garrantzitsuren bat izan zela adierazten dutenak.
Duela 87 milioi urte inguru, aktibitate bolkanikoak itsaso kretaziko honen arroaren hondoa asaldatu zuen, eta kuxindutako basaltoen masa handiak pilatu ziren gaur egun Gernika eta Zumarraga artean hedatzen den zerrenda zabal batean. Elgoibarren, basalto horiek udalerriaren herena inguru hartzen dute, Kalamuatik hasi eta Sallobente Ermuaran bailararen burualderaino. Garai honetan, koralezko arrezifeak, jada, lurperatuak zeuden, inguruko azaleratutako mendiguneen higaduratik zetozen sedimentuek lurperatuak.
Kretazeoaren amaieran mugimendu tektoniko batzuk gertatu ziren, orogenesi alpetarraren aurrekari izan zirenak eta gure itsaso kretazikoan metatutako sedimentuak altxarazten eta tolesarazten hasi zirenak. Horrela, duela 60 milioi urte inguru, hirugarren aroaren hasieran, Bizkaia eta Gipuzkoaren zati handi bat jada azaleratuta zegoen, eta horiekin batera Elgoibarko eta Mendaroko udalerriak. Orogenia alpetarraren ondorengo mugimendu handiek ere eragingo ziguten, baina gure lurraldean kapitulu geologiko berri bat hasia zen, Elgoibar eta Mendaroko historia geologikoa osatzen duten paisaia higatu eta modelatu zuena.