Gaur, gure museora iritsi diren marmoka eta zefalopodo fosil sorta baten berri eman nahi dugu. Duela denbora bat, gure lagun eta lankide Patxi Velaskok, Urrunaga urtegia inguratzen duten mendietan zehar ibiltzea gogoko duenak, harri batzuk ekarri zizkigun museora, Villarreal de Álavan dagoen Belaustegi inguruko pagadiak zeharkatzen dituzten ibaietan jasotakoak. Villarreal de Álava Legutio deitzen da gaur egun, eta Legutiano, lehen.

Marmoken eta zefalopodoen fosilak Legution

Harri bitxi hauek, gure ustetan kareharrizko eta buztinezko nodulu edo konkrezioak direnek, burdina ugari dute, eta horrek pentsarazten digu, agian, lohi-harriak izan daitezkeela. Gainazalean inpronta eta forma oso bitxiak dituzte, hala ere, puskatutakoan, ikusten da barrualdean ez dutela inolako barne egiturarik. Hasiera batean ez genion inolako garrantzirik eman, eta pentsatu genuen horrelako formazioak naturaren kapritxoz sortu zirela, harri horiek erreketako lur-lasterrek eramaten dituztenean jasan duten higadura mekaniko diferentzialaren ondorioz.

marmokak osilak

Javier Nuño eta Patxi Velasco fosilen bila Belaustegi errekan.

Aldi berean, Patxik, harri arraro horiekin batera, beste batzuk ekarri zizkigun. Berehala ikusi genuen amoniteen klaseko molusku zefalopodoak zirela. Batzuk nodulu bereizgarri horietan lagatako molde edo aztarna hutsak dira. Beste batzuk berriz, solte dauden zatiak dira; eta beste batzuek, eta errekako urek agerian utzi dituztenek, matrize lanak egiten dituzten harrien barruan daude. Amonite horietako asko erraz katalogatzeko modukoak dira; izan ere, museoan fosil ugari ditugu inguru horretan bildutakoak. Bestalde, uste dugu haien adin geologikoa Behe Kretazeo Albiarrekoa dela.

Patxi esan eta esan zebilenez inpronta bitxi horiek fosil motaren batenak izan behar zirela, erabaki genuen azterketa sakonagoa egitea. Hala, parekotasun berezi bat aurkitu dugu oso antzekoak diren fosil batzuekin. Fosil horiek Jesus Narvaezek (Nautilus Museoaren sortzailea eta fosil espezie ezin interesgarrien aurkitzailea) bildu zituen Mutrikuko kostaldean.

Noduluetako inpronta horiek marmoken fosilak dirudite. Narvaezek lagin batzuk bidali zizkion Sergio Rodriguez Garcia Madrileko Complutense Unibertsitateko irakasle eta paleontologoari. Garciak adierazi zuen, egiaz, marmoken inpresioak zirela, animaliaren barrunbe gastrobaskularretik irteten diren tentakuluen koroa gordetzen zutenak. Horretaz gain, adierazi zuen 12 tentakulu zituztela, eta horrek zehazten zuenaren arabera, eszifozooen azpifiloko eszifomarmokak zirela.

marmoka fosilak

Amoniteak Belaustegi errekan

marmoka fosilak

Marmoken fosilak, Jesus Narvaezek Mutrikuko flyschean aurkitutakoak

Patxik aurkitutako fosilen garrantziak bultzaturik, ustiategia ikustera joatea erabaki genuen gure lagun Javi Nuñorekin batera. Han, Patxik arestiko fosilak aurkitu zituen lekuak erakutsi zizkigun.

marmoka fosilak

Marmoken fosilak, Patxi Velascok Legution (Araba) aurkitutakoak

Marmoka fosilak

Marmoken fosilak, Patxi Velascok Legution (Araba) aurkitutakoak

Ustiategia Belaustegiko pagadietan dago, Legution. Ingurua landarez estalita dago eta ez du ageriko higadura seinalerik. Hori dela eta, ez dago ikertzeko eta fosilak jasotzeko moduko azaleratze zehatzik. Inguru hori zeharkatzen duten errekasto ugariak dira nolabaiteko higadura duten eta arroka amak ageri diren leku bakarrak. Higadura gutxi nabarmentzen da; izan ere, lurrak oso inklinazio txikia du. Horretaz gain, kontuan izan behar da errekasto horien urtarokotasuna; izan ere, udan ez dute ia urik izaten, eta hori muga bat da fosilak aurkitu ahal izateko.

Marmoka fosilak
Turrillites espezieko molde fosila eta molusku zefalopodo horren marrazki idealizatua

Zer dira eszifomarmokak?

Eszifomarmokak animalia ornogabeak dira, uretan bakarrik bizi direnak. Oso itxura eta antolakuntza xinple eta antzinakoa duten izakiak dira. Behe Kanbriarretik aurrera agertu ziren erregistro fosilean, ziurrenik, duela 550 milioi urte baino gehiago. Hori zehazten dute munduko leku desberdinetan dauden ustiategi ugarietan aztertutako fosilek, baita iberiar penintsulako ustiategi entzutetsuetan aztertutakoek ere.

Eszifomarmokak (grekera: Skyphos, kopa, eta Zoon, animalia) Cnidaria filoko kide dira (grekera: Kinide, asuna). Marmokak, polipoak, koralak, anemonak eta hidrak ere filo horretakoak dira. Asun deitzen zaie haien gorputzetako atal batzuen toxikotasunaren ondorioz; izan ere, ukitu hutsarekin oso pozoi indartsua inokulatzen dute, espezie gutxi batzuetan heriotza ere eragin dezakeena.

Inguru horretan nahiko sarritan agertzen diren beste fosil batzuk dira ammonoidea klaseko molusku zefalopodoak, eta, bereziki, ancyloceras tipoko amonite heteromorfoak. Hori berori gertatzen da Mutrikuko flysch beltzaren labarretan. Hori horrela gertatzen da bi tokiak garai geologiko berekoak direlako: Behe Kretazeo Albiarra. Hona hemen orain arte ezagutu ahal izan diren amonite heteromorfoen generoak: Ancyloceras sp., Anisoceras sp, s, Calycoceras sp., Hamites sp., Hamites attenuatus , Myloceras sp., Turrilites sp., Scaphites sp., Scaphites hugardianus, e.a. Horiek guztiak, esan dudan moduan, Behe Kretazeo Albiarrekoak dira.

Hona hemen ikusi diren beste amonite batzuk: Anahoplites sp., Acanthoceras sp., Bedaunticeras sp., Desmoceras latidorsatum, Desmoceras parandieri, Desmoceras sp., Hoplites dentatus, Epihoplites sp., Cunningtoniceras inerme, Mortoniceras nanum, Mortoniceras sp., Tetragonites rectangularis, Phylloceras sp., Stolizkaia dispar e.a. Horretaz gain, beste fosil batzuen hainbat espezie ere bai, hala nola; gasteropodoak, kuskubikoak, brakiopodoak, koralak, ekinodermoak. Horrek agerian jartzen du ustiategi horiek duten aberastasun paleontologikoa.

Marmoken-fosilak

Ancyloceras espezieko fosilaren moldea. Saihets sendoak ikusi ditzakegu bertan, baita maskorrean zituzten hezurrek utzitako zuloak ere.

Zer dira amonite heteromorfoak?

Ancyloceratina azpiordenako molusku zefalopodoak dira heteromorfo izenez ezagutzen ditugunak. Zefalopodo horien maskorrak ez dio jarraitzen espiral kiribilduaren ohiko patroiari. Aitzitik, hein batean, animalia horiek forma fantastiko eta bihurrituetara eboluzionatu zuten, eta haietako batzuk ezinezko formak hartu zituzten. Gainera, espezie horiek guztiak hezur sendo ugari garatu zituzten defentsa gisara. Amonite heteromorfoak goi Jurasikoan agertu ziren, baina Behe Kretazeora arte ez ziren hasi dibertsifikatzen eta itsaso guztietan zabaltzen. Azkenik, Kretazeoaren bukaera aldera desagertu egin ziren, gainerako izaki gehienekin batera, duela 65 milioi urte gertatu zen desagertze handian.

Ammonites

Amonite heteromorfoen zenbait ale

Amonite heteromorfoen marrazki idealizatuak.

Eta azkenik, bukatzeko, aukera hau baliatu nahiko nuke Patxi Velascori fosil bitxi hauek aurkitu eta jasotzeko izan dituen adorearengatik eta kemenarengatik; izan bere, horrela izan ez balitz, hondatu egingo ziren higaduraren ondorioz. Gainera, bere partaidetza ezinbestekoa izan da artikulu hau idatzi ahal izateko. Horretaz gain, eskerrak eman nahi dizkiot, duela urte askotatik, nire lagun handia eta abentura-kidea den Javi Nuñori. Berari esker, egiten ditugun irteerak atseginagoak eta eramangarrigoak dira. Bihoa nire esker ona bientzat, igaro ditugun une gozoengatik.

Comparte en redes o resume con la IA
Resumen de privacidad

Esta web utiliza cookies para que podamos ofrecerte la mejor experiencia de usuario posible. La información de las cookies se almacena en tu navegador y realiza funciones tales como reconocerte cuando vuelves a nuestra web o ayudar a nuestro equipo a comprender qué secciones de la web encuentras más interesantes y útiles.