Aurreko artikuluan, Debabarreneko espeleotemetan, estalaktiten, estalagmiten eta Debabarreneko eraketa karstiko nagusien zutabeen mundu zoragarria aipatu dugu: Izarraitzeko karsta, Arnoko Kast, etab.Gaurko artikuluan Debabarrenaren inguruan aurki ditzakegun estalaktita tubularrak deskribatuko ditugu.

Estalaktita tubularrak: nola sortzen dira?

Euri urak, berez, ezin du kare-harria disolbatu; izan ere, uraren disoluzio ahalmena bere azidotasunaren araberakoa da. Harri bat salfumanetan (azido klorhidriko moteldua) disolbatzea oso erraz egin daitekeen esperimentua da, eta euri urak hori egiteko ahalmena lortzen du, nagusiki, atmosferako karbono dioxidoarekin batera, edo bestela, landare hondakinak deskonposatzean lurretik datozen azidoekin batera azidotzen denean. Era horretan azidotutako urak karsteko kareharriaren ezin konta ahala arrakaletan sartu eta kare-harria disolbatuko du, eta horrela, ura kaltzio karbonatoz beteko da. Milaka urte irauten duen prozesu hau, era berean, areagotu egiten da tenperatura igotzen denean, eta lurzorua estaltzen duen landaredia gehitzen denean, horrexegatik, inguru tropikaletan kare-harriaren disoluzioa azkarrago gertatzen da. Infiltrazio ura, karbonato ugarikoa, lurrazpiko barrunberen batera iristen denean, hauspeatu edo prezipitatu egiten da, eta airearekin kontaktuan, kristal txikiak sortzen dira urak tantaka zeharkatzen duen hodi zentralaren inguruan. Gaingiroki, honela sortzen dira estalaktitak, hain zuzen ere, makarroi tankerako estalaktitak, estalaktita oinarrizkoenak eta primarioenak direnak. Makarroiak hainbat metro luze izan daitezke, eta erdiko jariotik abiatuta bakarrik hazten dira, hots, luzetara bakarrik. Erdiko jarioari, estalaktitaren kanpoaldetik, beste zirkulazioren bat gehitzen zaionean, estalaktitaren lodiera handitu egingo da, eta ohiko estalaktita koniko edo tubularrak sortuko dira.

Hurrengo argazkietan, estalaktita tubularrak ikus ditzakezue Arno eta Izarraitz eremu karstikoetako leize edo leizeetan.

Makarroi berriak Aitzbeltz haitzuloan hazten, suntsitutako estalaktitetatik abiatuta. Makarroien luzera eta kobazuloan ageri diren grafiti ugarien datak kontuan izanik –grafitiak 1860ra artekoak dira- mende bakoitzean 5 zentimetro inguru hazten direla kalkulatzen dugu; izan ere, gure ustetan, kobazuloak XIX. mendean izan zuen arrakastak berekin ekarri zuen estalakititak suntsitzea.

 

Makarroi gazteen eta estalaktita tubularren multzoa, eta estalaktita eszentriko sortu berriak ere bai. Arnoko karsta

Arraztoko leizea

Estalaktita konplexu handia eta estalaktita murrua Arraztoko zuloan. Bi kasuetan, estalaktita tubular zimurtsuak ageri dira.

Estalaktitak loditzearen ondorioz, forma ugari sor daitezke, hala nola, behi errape tankerako estalaktita hauek. Arnoko karsta.

Makarroiek, estalaktita tubularrek, estalaktita banderadunek eta estalaktita eszentriko txikiek osatutako estalaktita multzo nabarrak. Arnoko karsta, Mendaro.

estalaktita tubularrak

Gizakiak egindako filigrana barrokorik hoberenak ere lortu ezingo lukeen bilakaera eta konplexutasuna izan dezakete estalaktita multzoek. Eta estalaktita murruari haren kide den estalagmita basoa gehitzen badiogu, ez dugu hitzik izango azken emaitza deskribatzeko. Izarraitzeko karsta, Morkaikoko Leizarpe Espeleologia Taldea (2010-X-24).