Lurrazpiko munduaren inguruan egiten diren sarrera guztietan, ezinbestean, estalaktitak eta estalagmitak dira lehendabizikoz aipatzen diren espeleotemak. Ondoren, beti adieraziko da estalaktita baten eta estalagmita baten arteko fusioa dela zutabea sortzen duena. Horrexegatik, tradizioarekiko leialtasunez jokatzeko, espeleotemen mundu zoragarrian barrena egingo dugun sartu-irtenari ekingo diogu, estalaktitak, estalagmitak eta zutabeak oinarritzat hartuta. Hori bai, gure erakusketa hasteko kontuan izango ditugun estalaktitak estalaktita tubularrak izango dira, ugarienak eta arruntenak; izan ere, estalaktita eszentrikoei aipamen berezia egin behar zaie.

Debabarreneko Espeleotemak. Mundu bat deskubritzeko

Izarraitzeko karstaren barruan, eta haren ondoan dagoen Arnoko karstaren barruan, ugariak dira estalaktita tubularrak, eta efektu ikusgarriak sortzen dituzte, talde koloretsuak osatzen dituztenean. Baina adierazlerik esanguratsuenak aurkitu nahirik, arreta berezia jarri nahi diegu ohiz kanpoko bilakaera dutenei; eta gure ustetan, baldintza hori sobera betetzen dute Pagatzako leizeko Areto Handiko estalaktita tubular ikusgarriek.

Eskuinean, Pagatzako leizeko areto handiko estalaktita ikusgarriak. Goialdean, ezkerraldeko angeluan, estalaktita tubularrez osatutako talde koloretsu bat ikus daiteke, estalaktita eszentrikoekin nahaspilaturik. Argazkia: Evaristo Rodriguez. Morkaikoko Leizarpe Espeleologia Taldea (2019).

Estalagmitei dagokienez, ale eta talde anitz aurkituko ditugu, Debabarreneko harpe ugarietan egin daitezkeen ibilbideetan barrena. Hala ere, Elgoibarko espeleologoontzat, Arraztoko zuloan, Monolitoen aretoko estalagmitak dira betidanik zirrara handiena egin digutenak, bai tamainarengatik, bai kolada handi baten gainean duten itxura zoragarriarengatik.

Debabarreneko espeleotemak

Monolitoen aretoko estalagmitak, Arraztoko zuloa. Argazkia: Angel Maria Tobajas. Morkaiko Espeleologia Taldea (1980).

Zutabeak ere ugari dira Debabarreneko barrunbeetan, horren adierazgarri da Aitzbeltz haitzuloa, 200 metro eskaseko ibilbidean 60 zutabe baino gehiago dituena.

Aitzbeltz haitzuloa

Zutabe taldea Aitzbeltz haitzuloaren hasierako zatian, Mendaro. Argazkia: Evaristo Rodriguez. Morkaikoko Leizarpe Espeleologia Taldea (2018).

Gu geu, zutabe taldeek baino gehiago txunditzen gaitu zutabe bakanen baten edertasun paregabeak, antza, zutabeen sorleku diren ganga sekretuei eusten dietenak.