Azken urteotan, Mendaroko udalerrian egin izan ditugun prospekzio espeleologikoen lanetan, egiaztatu ahal izan dugunez, eraldatu egin dira hainbat leize eta haitzulo, bai jatorri naturala duten, bai gizakien esku-hartzearekin zerikusia duten gertakari katastrofikoaren ondorioz. Artikulu honetan, Mendaroko haitzulorik garrantzitsuenen informazioa jasoko dugu, hain zuzen ere, jatorri naturaleko amiltzeen, erortzeen eta hondoratzeen (meteorizazioak, lurrikarak, e.a.) ondorioz, eraginda gelditu diren haitzuloena.

Mendaroko bi barrunbe handitan, hala nola, San Bartolome eta Arrazto leizeen bukaeran, gorantz doazen galerietan, bloke pilaketa handiak aurkituko ditugu. Bereziki ikusgarria da San Bartolome leizearen bukaeran dagoen galeria-arrapala handia. Esan, oraindik ere, ez dugula bukatu blokeen artean eskalatzen. Aurreko barrunbeetan bezalaxe, galeria horietako bloke handiek adierazten dute erorketa orokorrak izan direla, eta ez dugula horien jatorria zehazteko modurik.

Mendaroko haitzuloetako erorketak: Aitzbeltz haitzuloa

Ezin aipatu gabe utzi Aitzbeltz haitzuloa. Nahiz eta, bertan, ganga sendoetatik eroritako bloke bat ere ez aurkitu, hainbat apurtune ikusiko ahal ditugu, mugimendu teluriko bortitzen bat izan zela adierazten dutenak. Barrunbearen sarrerara iritsi bezain laster, hainbat apurtune ikusi ahal izango ditugu ezkerraldean dauden zutabeetan, zorua hondoratu edo ganga altxatu egin zenaren adierazgarri. Zutabe handiaren kasuan, 5 cm baino gehiago zabaltzen den arrakala bat sortu da, eta, barruan, espeleotema ilara bat ikus daiteke, arrakalaren antzinatasuna islatu dezakeena.

Erortzeak Mendarok haitzuloetan Haitzbelt

Aitzbeltz aitzulo mitikoaren sarreraren ezkerraldean dauden harrizko habeek dituzten apurtune ugarien ikuspegia.

Erortzeak Mendarok haitzuloetan Aitzbelt

Aizbeltzeko sarrerako habeen apurtuneetako baten barruan ikus daitezkeen estalaktita ugarien formazioa.

Aitzbeltz haitzuloaren sarrerako gangan ikus daitekeen apurtunea

Kasuren batean, apurtune horiek eragin zituzten mugimenduek erorketaren bat eragin zuten sarrerako gangaren hasieran. Gaur egun, ez da eroritako blokerik ikusten; izan ere, dirudienez, guztiak erori ziren barrunbearen sarreran dagoen mendi-mazela malkartsuan behera. Haitzuloaren barrura sartuta, sarreratik berrogeita hamarren bat metrora, galeriako ganga guztiari goitik behera eta alde batetik bestera eragiten dion apurtunea izango dugu ikusgai. Horretaz gain, galeriaren barrualderantz sei metro baino gehiago sartzen den arrakala hori ireki da artazi erako mugimendu baten ondorioz. Ondorioz, gangan metro bateko zabalera baino handiagoa duen apurtune bat sortu da, poliki-poliki, haitzaren barrualderantz goazen heinean, estutzen dena. Esan dezakegu, arrakala handi horren eskuinaldean, erdi aldean, tamaina handiko hainbat kolada sortu direla, goitik behera datozenak galeriaren zoruraino. Horiek hainbat zutabe sortu dituzte azken zatian, non koladak beheko galeriako hutsunea zeharkatzen baitu. Agian, kolada eta zutabe horiek baliagarriak izan daitezke arrakala horren sorreraren data zehazteko; izan ere, arrakala horiek sortu ditu koladak eta zutabeak.

Aitzbeltz haitzuloko gangan ikus daitekeen falla handia. Artazi erako mugimendu bat izan du, eta, gangan, metro bat baino gehiago banatu da. Falla poliki-poliki estutu egiten da, gorantz goazen heinean.

Erortzeak Mendarok haitzuloetan

Aitzbelz haitzuloaren gangako falla handiaren beste ertzaren ikuspegia. Filtrazioek kolada eta zintzilikario ederrak eratu dituzte. Horiek zutabe ere bihurtzen dira galeriako zorura iristen direnean. Agian, formazio horiek baliagarriak izan litezke fallaren data zehazteko.

Aitzbeltz haitzuloko zutabe eta gangetan ikusten diren apurtuneez gain, bada beste suntsitze orokor bat, hain zuzen, barrualdean antzeman daitekeena: estalagmita ugari puskatuta ageri dira zoruaren gainean, batez ere, barrunbearen bigarren erdian, Mahai Biribilaren aretoaren eta Koladen aretoaren artean. Baina, haietako gehienak guztiz zementatuta eta zoruko koladekin bat eginda daudenez, ondorioztatu dezakegu duela milaka eta milaka urte puskatu zirela. Zoruaren parean, ia espeleotema horiek guztiak puskatu izanaren arrazoia nekez izan daiteke lurrikara bat. Guk gehiago uste dugu suntsiketa horren jatorria dela, inolako zalantzarik gabe, duela 200.000 eta 50.000 urte artean haitzulo horretan harpeetako hartzek egin zituzten joan-etorriak. Ibilera horien ondorio izango lirateke, halaber, haitzuloaren barnean aurki ditzakegun hartzuloak eta atzaparkaden aztarnak. Pentsa dezakegu 500 kilogramoko pisua ere izan zezaketen hartz-puska gihartsuak nekez ibiliko zirela, estropezu egin gabe, neurri ertaineko galeria batean barrena, baldin eta, han-hemenka, 20-30 zentimetroko diametroa eta metro bateko baino gehiagoko altuera duten estalagmita ugari bazeuden. Gainera, galeria horiek, kasurik onenean, 10 metroko zabalera izan zezaketen. Kasu honetan, osoen ibilerak elefante batek trastez beteriko gela batean eragin dezakeen kaltearekin alderatu ditzakegu, baina, luzarora, galeria libre gelditu zen hartzen joan-etorrietarako.

Erortzeak Mendarok-haitzuloetan

Aitzbeltz haitzuloaren zorua zipriztintzen duten estalagmita etzan eta zementatuen ikuspegia.

Estalagmita handia, eskuinalderantz etzanda dagoena. Aitzbeltz haitzuloko koladen aretoan dago.

Aitzbeltz haitzuloko txokoetan eskuarki aurkitu ditzakegun estalagmita zati ugarietako baten xehetasuna. Badirudi zati horiek estalagmitek jasan zuten antzinako suntsiketa orokorraren lekuko direla. Gure ustetan, suntsipena haitzuloetako hartzen ibilerek eragin zuten.

Azken urteotan, Mendaroko udalerrian, nagusiki, bertako barrunbe guztiak aurkitzeko eta haien aukerak eta ondareak ebaluatzeko egiten ari diren prospekzio espeleologikoko lanen baitan egiten diren analisien parte da gangetan gertatzen diren erorketak aurkitzea. Dirudienez, egindako azterketen arabera, esan daiteke haitzuloetako atarietan dauden gangak sentikorragoak direla eta erorketak jasateko joera handiagoa dutela. Ziurrenik, gangako haitzaren geruza, inguru horretan, meheagoa izango da, eta gainera, sarriago, jasango ditu fenomeno atmosferikoen, tenperatura aldaketen, landareen, animalien eta bestelakoen ondorioz gertatzen diren meteorizazioak; izan ere, zerikusi handia dute horrekin. Eta horri balizko lurrikaren ondorioak gehitzen badizkiogu, ondorioztatu dezakegu barrunbeetako sarrerak direla erorketak jasateko arrisku handienak dituzten guneak.

Mendaroko haitzuloetako bestelako erorketak: Aizkoltxo haitzuloa

Bukatzeko, aditzera eman behar dugu, arkeologoek, haitzuloetan lurrikaren ondorioz gertatzen diren erorketei buruzko gaia ere izaten dutela kontuan. Horren haritik, diotenez, magdaleniense garaian jazo zitezkeen mota horretako gertakariak. Ondorio horretara iritsi dira, Aizkoltxo haitzuloaren sarreran, hain zuzen, estalpe luze baten babesean, pilatzen diren blokeen azpian egin dituzten aurkikuntza harrigarrien ostean. Azken aldian aurkitu dituzten bi objektuen garrantzia kontuan izanik (zulo anitzeko makulua eta zintzilikarioa, biak grabatuak eta magdaleniense garaikoak) eta bi objektu horiek zein tokitan aurkitu diren gogoan hartuta, pentsatu dute haitzuloaren estalpea noiz edo noiz erori eta bi objektu horiek lurperatu ondoren, blokeek babestu egingo zituztela paleolito garaiko arte higikorraren erakusgarri paregabeak diren bi objektu horiek.

Aizkoltxo haitzuloaren estalpeak zuen itxura, indusketa arkeologikoa egin aurretik, eta, ondorioz, estalpearen azpiko blokeen azpian zeuden Debabarreneko historiaurreko arte higikorraren bi pieza esanguratsuenak aurkitu aurretik: hala nola, Aizkoltxoko zulo ugaridun makulu apaindu magdaleniensea eta Aizkoltxoko zintzilikario grabatu magdaleniensea.

 

Aizkoltxoko zulo ugaridun makulu magdaleniensea

 

Aizkoltxoko zintzilikario grabatu magdaleniensea

Magdaleniense garaiko bi ale horiek blokeen azpian aurkitu ostean, Mendaroko barrunbe hori erreferente bihurtu da Europan eta munduan.