Gure barrunbeetan aurki dezakegun espeleotema sorta ugariaren artean, badira ia ezezagunak direnak edo oharkabean gelditzen direnak. Zalantzarik gabe, espeleotema bitxi horien adibide argia da erretikulatua, kaltzitazko formazio bat, alegia. Galeria batzuetako gangetan oso ezohikoa ez bada ere, duen tamaina edo bilakaera txikiarengatik ez du bisitarien edo esploratzaileen arreta erakartzen. Hala ere, 2018an, Evaristo Rodriguezek, Morkaikoko Leizarpe Espeleologia Taldeko espeleologoetako batek, Izarraitzeko karstean ikusi izan dugun erretikulatu alerik ederrena eta ikusgarriena aurkitu zuen; eta argazkia egin zionetik, beti pentsatu izan dugu erretikulatu zoragarri hau ezagutarazi behar genuela.
Nola eratzen da espeleotema erretikulatu bat?
Espeleotema honi buruz aurkitu dugun informazioari dagokionez, aditzera eman behar dugu kaltzitazko edo kaltzio karbonatozko formazio bat dela. Espeleotema horrek abaraska eitea du eta barrunbe batzuetako sabaiak pitzatzen dituzten itxura perpendikularreko arrakalei esker eratzen da. Lehenik eta behin, karbonatoz saturatutako urak arestiko arrakalak zeharkatzen ditu, eta ur horrek uzten dituen kaltzitazko metakinek bete egiten dituzte arrakala horiek. Ondoren, kareharrizko haitza disolbatu egiten da higaduraren ondorioz, eta, bitartean, kaltzitazko betegarriak gelditu egiten dira; izan ere, ez dira hain erraz higatzen. Horrela, erretikulatua gero eta nabarmenagoa bihurtuko da, mineralezko abaraska erraldoi baten itxura izan arte.
*Retikulatua edo boxwork-a (ingelesez) espeleotema bat da, eta harkaitzezko abaraska baten itxura du.
Septaria boxwork azpimota bat da, lurzoru buztintsuetan sortzen dena.
Angel María Tobajas, Morkaikoko Leizarpe Espeleologia Taldea
Argazkiak: ©Evaristo Rodríguez