Askotan, aurkikuntzak ez dituzte geologoek edo mineralak gogoko dituztenek egiten; izan ere, batzuetan, zoria edo ezustekoren bat tarteko, edonork aurkitu dezake mineral arraro edo bitxiren bat edo mineralen mundu zoragarri honekin zerikusia duen bitxitasunen bat.
Behin baino gehiagotan aipatu izan dugu pertsona batzuk nahiko sarritan etortzen direla museora landa inguruan dabiltzanean aurkitzen dituzten haitzez, mineralez eta fosilez galdezka. Irrikatan egoten dira ea aurkitu dutenak interesik edo baliorik ba ote duen, zer den eta nola deitzen den jakiteko.
Duela hilabete batzuk, hain zuzen ere, 2023. urteko maiatzean, mendizale batek mezu bat bidali zigun aditzera emateko bere alaba Maddi Lasuenek, 8 urte besterik ez zituenak, haitz oso bitxi bat aurkitu zuela, Ermuaranerrekan jolasean zebilen bitartean. Bere aita Igorrek, gaur egun laguna ez ezik museoko laguntzaile leial eta sutsua ere badenak adierazi zigunez, alabak aipatutako haitza autoko kutxan sartu zuen, garrantzirik eman gabe. Igorrek estreinakoz elkar ikusi genuenean esan zigunaren arabera, harrigarriena izan zen, pieza hura, egunak igaro ahala, gero eta purpura kolore biziagoa eta nabarmenagoa hartzen joan zela.
Gertakari hori oso deigarria iruditu zitzaigun; izan ere, hauxe da ohikoena eta beti gertatzen dena: mineralak lehortzen eta deshidratatzen direnean, kolore eta distira gehiena galtzen dute, eta ez dira hain ikusgarriak eta erakargarriak izaten.
Haitzaren inguruan adierazi genuen jakinminaren ondorioz, Igor, bere alaba Maddirekin batera, museora hurbildu zen haitza guri ekartzera, eta, hasiera batean, haitz honen efektu bitxia egiaztatu genuen: bustita dagoenean kolorearen parte bat galtzen du, eta deshidratatzen denean, berriz, kolore purpura bizia hartzen du. Bestalde, haitza xehetasun handiagoz aztertuta, ikusi ahal izango dugu haitza basalto bat dela eta errekarri forma hartu duela uraren ondorioz. Horretaz gain, patina mehe batez estalita dago, eta hori da kolore purpura bizi hori ematen diona. Patina hori ez zaie basalto haitzei bakarrik itsasten; izan ere, kuartzo masiboen gainean ere aurkitu izan dugu. Ondo definitutakoak eta kristalizatutakoak ere aurkitu izan ditugu patina berberarekin. Estaldura hori oso egonkorra da, eta oso zaila da kentzen igurzteko ekintza mekanikoaren bidez. Azido batzuek direla medio, pelikularen parte bat askatu egiten da, baina ez da disolbatzera iristen. Era berean, hasiera batean, ez dirudi uretan garatzen den materia organikoa, likena edo alga denik, gure ustetan, deshidratazioaren ondorioz, kolorea galduko lukeelako, eta, kasu honetan, efektua guztiz aurkakoa delako.
Laranja tonalitateko fluoreszentzia da haitzen beste ezaugarri oso bitxi bat, hain zuzen ere, 365 nm-ko UVA argiarekin argiztatzean gertatzen dena. Intentsitate hori bat dator argi luzeko uhinekin, 315 eta 400 nm-ko tartean baitago. Horrek hasieran pentsarazi zigun haitzei itsasten zaien materia organikoren bat edo hondakinen bat izan zitekeela. Orain, ordea, gure irudiko alde batera utzi behar dugu uste hori, azidoekin, xaboiekin eta baita ultrasoinuekin ere haitzari itsatsirik jarraitzen baitu, eta ez da desagertzen.
Patuaren gorabeheren ondorioz, Urruzunoko mehatzearen ondotik igarotzen den errekastoan ere aurkitu izan dugu, kalkopiritari, malakitari, esfaleritari, eta, gure ustetan, smithsonita izan daitekeenari elkartutako kuartzozko haitzetan. Hori dela eta, badirudi Ermuaranerreka ez dela mineralizazio hori islatzen duen erreka bakarra, nahiz eta orain arte bertan agertu diren mineralizaziorik ikusgarrienak.
Purpurita heterositaren aurkikuntza Elgoibarren
Trifilitaren taldeko fosfatoen VII. klaseko minerala da. Fosfato hau burdin oxidoz eta manganeso oxidoz osatuta dago, eta izendapen zehatza burdin eta manganeso anhidrido fosfatoa da, eta formula kimikoa, berriz, (Mn3+, Fe3+)PO4. Gogortasuna, Mohs-en eskalaren arabera, 4 eta 4,5 artekoa da, eta pisu espezifikoa, berriz, 3,4 eta 3,69 kilo/dezimetro kubiko artekoa. Kristal sistema ortorrinbikoaren parte da, eta soluzio solido bat eratzen du heterositarekin batera (Fe3+PO4) , non, arian-arian, burdinak manganesoa ordezkatzen baitu eta kolore tonalitate eta intentsitate desberdinak sortzen baitira, elementu honen kontzentrazio desberdinen ondorioz.
Purpurita heterosita bildumetarako, apainketarako eta esoterismoaren inguruko gauzaren baterako erabiltzen da, baina ez du interes ekonomiko edo industrialik.
Ondorioak
Ermuaranerreka eta Urruzunoerreka erreketan aurkitutako piezak aztertu ondoren, ezin dugu zehatz-mehatz ondorioztatu, erauzitako haitzak purpurita heterositarekin bat etorri daitezkeenik. Horretarako, laginak zehaztasun handiagoz aztertu beharko genituzke. Dena dela, erreka bietako lagin batzuk helarazi dizkiegu gaian adituak direnei, adibidez, mineralen zale sutsua, laguna eta museoaren laguntzaile den Javi Nuñori eta ospe handiko aditua eta mindat.org webguneko kide den André Heyninck-i. Espero dugu, aurki, aurkeztu dizkiegun galderei eta zalantzei buruzko erantzunen bat izatea.