MUFOMIK bere bildumako lau estromatolito laga dizkio Azkuna Zentroari «Zientzia Frikzioa. Bizitza espezie lagunen artean» izeneko erakusketarako. Erakusketa hau Bilboko Azkuna zentroan egongo da ikusgai 2022ko azaroaren 29tik 2023ko otsailaren 26ra arte.

Lynn Margulis eta Donna Haraway biologoen lan iraultzailea abiapuntutzat hartuta, María Ptqk ikertzaile eta komisarioak artisten, pentsalarien, zientzialarien eta ekintzaileen lanak bildu ditu. Lan horiek ebidentzia zientifiko berria islatzen dute, lurreko espezie guztiak harreman sinbiotiko eta interdependenteen bidez elkarturik gaudela baieztatzen duena. Gizakien nagusitasuna zalantzan jarrita, ikuspegi aldaketa horrek frikzio zientifiko eta kultural ugari eragingo ditu. Antropozentrismotik biozentrismorako urratsa iragartzen duen espezieen arteko paradigma berri horri aurre egiteko, ezinbestekoa izango da, bizitzaren historia berria ez ezik, zientzia fikzio berriak ere idaztea.

Erakusketa hau, non museoak ere parte hartzen baitu, oso gomendagarria da; izan ere, lan artistiko eta dibulgazio zientifikoko pieza hautatuen bidez ikertzen ditu gai horiek. Beheko galerian ikusi ahal izango dituzue erakusketako irudi batzuk.

 

Museoak lau estromatolitoak bidali ditu «Zientzia Frikzioa. Bizitza espezie lagunen artean» izeneko erakusketara.

Elgoibarko fosilen eta mineralen museoak, MUFOMIk, Azkuna Zentroan egiten ari den «Zientzia Frikzioa. Bizitza espezie lagunen artean» izeneko erakusketan parte hartu du du, eta, horretarako, bere bildumako lau estromatolito laga ditu.

Mufomiren estromatolitoak

Mufomiren estromatolitoak Zientzia Frikzioa erakusketan ikusgai

Azkuna Zentroari lagatako lau estromatolitoak adin geologiko handikoak dira. Tiger Iron estromatolitoak, australiar jatorrikoak 2.600 milioi urte ditu; eta boliviar jatorriko Greysonia sp. estromatolitoak, berriz, 1.000 urteko antzinatasuna du.

Estromatolitoak

Hona hemen mikrobialito motarik arruntena definitzeko modu generikoa: Estromatolitoak. Definizioz, egitura organo-sedimentario ijeztuak dira (oro har, kaltzitazkoak – CCO3), substratuari atxikirik hazten direnak eta substratutik modu bertikalean irteten direnak, askotariko egitura morfologikoak, bolumetrikoak eta biogeografikoak sortuz. Hasierako eraketa eta denboran zehar izaten duten bilakaera mikrobioen populazioaren jardueraren ondorio da (nagusi izan ohi dira zianobakterioak); izan ere, horiek karbonatoak prezipitatzen laguntzen dute.

Zianobakterioez gain, egungo estromatolitoen mikrofloran algak aurkitu ditzakegu (bereziki, berdeak eta diatomeoak); baita onddoak, krustazeoak, intsektuak, esporak, polenak, errodofitoak eta mota guztietako zatiak eta sedimentuak ere, egituraren barruan kaltzifikatu daitezkeenak. Estromatolito komunitate bakoitzaren aniztasun biologikoa ingurumenaren eta uraren baldintzen araberakoa izango da: ur hipergazietakoak, ur gezatakoak, mareartekoak, mareazpikoak, korronte handi eta ertainetakoak, ur bareetakoak, ur epeletakoak, altitudearen araberakoak (UV argiaren esposizioari eragiten dio), e.a.

Estromatolitoak garrantzitsuak dira, bizitza mikrobiologiko goiztiarraren erregistro fosil garrantzitsuena osatzen dutelako. Hau da, Lurrean ezagutzen den bizi-ebidentziarik antzinakoena dira. Estromatolitoen fosilik antzinakoenak, gutxi gorabehera, duela 3.450 milioi urtekoak dira, eta Warrawoonan (Australia) daude.

Gainera, estromatolitoek haien eboluzio-ildoari eutsi diote gaurko egunera arte, hau da, sortu zirenetik, ez dira desagertu. Horri esker jakin dezakegu ze aldaketa izan duten mikroorganismoek denboran zehar.

Gainera, atmosferako lehenengo oxigenatzaileak dira. Estromatolito arrezifeak zabaldu egin ziren, eta oxigeno gasa sortzen hasi ziren. Hori izan zen atmosferaren konposizioaren aldaketa eta planetaren estreinako suntsipena eragin zituena.

Ikusten dugun moduan, estromatolitoek ikuspegi berezia ematen digute Lurreko garai antzinakoenei, bizitzaren sorrerari eta eboluzioari buruz. Aurki, argitalpen berezi bat eskainiko diegu estromatolitoei, eta hain zuzen ere, geologiaren eta paleontologiaren ikuspegitik, berebiziko interesa pizten duen mikrobiolitoari.

Tiger Iron (Tigre-begia) estromatolitoa

Museoko estromatolitorik antzinakoena duela 2.600 milioi urteko ale bat da, Aurrekanbriar garaikoa (Proterozoikoa), jatorria Port Hedland-en (Australia) duena. Eskualde horretako haitzek badute ezaugarri berezi bat, itsas komunitateen aztarna fosilduak dituzte (estromatolitoak), oso antzinako zianobakterioek osaturikoak, bandatan antolatutako burdinazko formazioekin batera.

Mundu osoko burdin metakinik gehienak bandatan antolatutako burdinazko formazioak deitzen diren haitzetan egon ohi dira (laburturik, BIF). Haitz sedimentarioak dira, txandaka, silexezko (kuartzo mota bat) eta burdin oxidozko bandez osaturiko geruza finetan jalkitakoak.

Mufomiren estromatolitoak

Tiger Iron estromatolitoaren ebakidura kristalografikoa, museoaren jabetzakoa

Hamersley probintzian, Australia Mendebaldeko Pilbara eskualdean dauden burdinazko banden formazioak dira munduan dauden mota honetako haitzik handienak eta ugarienak. Esan daiteke, hasieran jalki ostean, duela 2470 milioi urtetik 2450 milioi urtera bitartean, 150.000 km2 inguru estali zituztela eta, 300 bilioi tona inguru pisatzen zutela.

Bandatan antolatutako burdinazko formazioen geruzak osatzen dituzten mineralen artean, kuartzoa (silizio oxidoa), hematita (burdin oxidoa), siderita (burdin karbonatoa) eta estipnomelanoa (potasio, burdin eta magnesio aluminosilikatoa) aurkitu ahal izango ditugu.

Ez dugu ikusten, gaur egun, munduan mota honetako haitzak sortzen direnik, eta honek iradokitzen du, haitz horiek sortu ziren itsasoetan, desberdintasun nahiko handiak zeudela antzinako eta gaur egungo baldintzen artean. Dirudienez, burdinazko banda-eraketak ozeanoko eremu jakinetan pilatu ziren, non burdina disolbatu eta silize asko zuen itsas ura oxigeno-kantitate handiagoak zituen urarekin nahastu baitzen; eta horren ondorioz, hematiteak eta silexa (kuartzo mikrokristalinoa) hauspeatu baitziren.

Burdinaren eta silizioaren zatirik handiena, ziur aski, ozeanoaren hondoko sistema bolkanikoetatik sortutako burdinazko korronte ozeaniko sakonetatik zetorren. Haien lodiera handiaren eta estaltzen zituzten eremu handien ondorioz, burdinazko banden formazioak, ziurrenik, plataforma kontinental handietan metatuko ziren, 200 baino gehiagoko sakonera duten uretan.

Ustez, burdina Proterozoikoko itsasoetan jalkitzeko prozesuak, duela 2500-1900 milioi urte gertatu zenak, oreka delikatua sortu zuen antzinako atmosferaren kimikaren eta ozeanoen artean, atmosferak zuen oxigenoa gehitzen hasi zen une batean. Lehenengo izaki bizidunen, hau da, fotosintesiaren bidez oxigenoa sortzen zuten mikrobio nimiñoen (zianobakterioak) sorrerak, ziurrenik, atmosfera primitiboaren konposizioaren aldaketa ekarri zuen.

Oraindik ere, zientifikoki ez dakigu ziur nolakoa izan zen Tiger Iron delakoa sortzeko prozesua. Geologo batzuek uste dute harri hori estromatolito bat dela, jalkin metatuetako alga ijeztuen fosil bandak geruzatan ditutena (mikrobioek burdina bandatan sortu zuten estromatolitoa eratzen zen bitartean). Aukeran, beste teoria batek dio Tiger Iron delakoa bandatan antolatutako burdinaren (BIF) formazio bat dela, Lurrean orain baino askoz oxigeno gehiago zegoenean sortu zena. Hala eta guztiz ere, pentsamendu-eskola biak bat datoz tigre-burdina jalkin metatuetan sortzen dela esaterako orduan.

Azkenean, Tiger Iron delakoa, ikuspegi teknikotik, estromatolito bat ez bada ere, haren sorrera eta aurrekanbriarreko bandatan eratzen diren burdinazko beste formazio batzuena ere estromatolitoak eratu zituzten zianobakterioen zeharkako ondorioa da. Atmosfera primitiboan ez zegoen oxigenorik, baina zianobakterioen fotosintesiaren azpiproduktu gisa sortu zen. Oxigeno hori Lurreko ozeanoetan disolbatutako burdinarekin konbinatu zen, eta burdin oxido disolbaezinak sortu ziren, hain zuzen ere, hauspeztu ondoren, ozeanoaren hondoan geruza meheak eratu zituztenak. Tiger Iron delakoaren barruan dauden bandek, Lurreko ozeanoen barruan, oxigeno mailetan izan ziren aldaketa ziklikoak irudikatuko lituzkete..

Mufomiren estromatolitoak

Conophyton sp. estromatolitoaren ebakidura kristalografikoa 2300 milioi urte, Cochabamba, Bolivia

Jai egun hauetaz baliatuta, mundu guztia animatzen dugu «Zientzia Frikzioa. Bizitza espezie lagunen artean» izeneko erakusketa ikustera; izan ere, Mufomik bertan parte hartzen du bere bildumako lau estromatolitorekin.

Jai zoriontsuak guztioi, eta ondo pasa.