Mendaroko meatzeak eta burdinolak. Jatorria eta historia
Dokumentatuta dagoenez, Erdi Aroan, hain zuzen ere, 1335ean, Alfontso XI.enak Lasturreko eta Mendaroko haranei eta Ego ibarrari “Burdinolen Forua” eman zienean, Mendaron baziren burdinolak. Bestalde, Mendaroko meatzaritzari dagokionez, ez dugu horri buruzko inolako dokumentaziorik lortu. Hala ere, aurkitu dugu informazioren bat, Itsasueta, Gausitxa eta Sarobe baserrien artean hainbat meatze-aho zeudela dioena. Era berean, badugu antzinako argazki bat, ustez, Garaluzeko hegaleko mehatze-aho batena. Argazkia “Deba” aldizkariaren 52. zenbakian argitaratu zen 2002an, Javi Castroren “El comunal de Arranogibel” izeneko artikuluan. Meatze-aho horiek guztiak baieztatu gabe daude.
Inguru horri buruz lortu dugun baieztatutako informazio bakarra “Bajo el suelo de Mendaro por sus cuevas y simas” liburuan jasotakoa da. Bertan ageri da antzinako meatze ustiategi bat zegoela Gausitxa baserriaren inguruetan. Hain zuzen ere, Morkaikoko Leizarpe Espeleologia Taldeko espeleologoen liburu horretan ageri den “La mina de Gausitxa (Gausitxako koba)” izeneko atalean honako hau irakurri daiteke:
Gausitxako meatzea (Gausitxako koba)
1986ko urtarrilaren 25ean, Leizarpe Espeleologia Taldeak ezohiko barrunbe bat esploratu eta topografiatu zuen Gausitxa baserriaren inguruetan. Barrunbe hura ez zetorren bat patroi naturalekin, ez baitzen haitzean egindakoa, lur sedimentuz eta blokez osatutako pilo trinko batean baizik. Gainera, harrizko elementuak sartuta zituzten burdinazko zati ugari ikusi genituen barrunbearen ondoan, eta susmatu genuen meatzaritzako ustiategi baten aurrean geundela.
Gure irudiko, burdinazko zati horiek ez dira, inola ere, burdinazko mea mota bat, baizik eta, ziurrenik, aire zabalean, meatzearen beraren ondoko labeetan, zuzenean egindako erredukzio bat, inguruko mendietan ekoizten zen ikatzaz baliatuta.
Mendaroko antzinako burdinolei buruz lortu dugun informazioaren arabera, aurrez gertatu zen prozesu batean, Gausitxa eta Alkorta baserrien artean egon omen ziren mendiko burdinolek azalduko lukete XIV. mendean burdinolek inguru horretan izan zuten bilakaera handia.
Ziurrenik, Gausitxako meatzeak agerian uzten duen bezala, inguruan burdin mea ugari egotea eta egur-ikatza lortzeko aukera izatea izan ziren leku horretan sortu zen mendiko burdinolen edo “haizeolen” prozesua abian jartzeko arrazoiak. Agian, posible zen burdinolek behar zuten ikatza bertan lortzea; izan ere, XX. mendera arte eutsi zioten Mendaron egur-ikatza egiteko tradizioari. Burdinezko meari dagokionez, guk Alkorta baserriaren inguruan eta bertako leizeren baten barrualdean aurkitu izan ditugun limonitak eta ustezko piritak aipatu ditzakegu.
2018ko uztailaren 5ean, Gausitxako meatzean egin genuen azken ikustaldian, ustekabe bat izan genuen; izan ere, meatzea behin betiko hondoratu zen. Aurreikusten genuen horrelako zerbait gerta zitekeela, meatzea ez baitzuten haitzean zulatu, metakinetan baizik. Leizarpek 1986ko esplorazioa egin ostean idatzi zuen txostenean jasota utzi zuen bloke handiak erortzen zirela sabaitik, baita ere, barrunbea ez zegoela kareharrian zulatuta. Azkenik, ohar bitxi bat ageri da, barrunbea mozoloen aterpe zela dioena.
Gausitxako meatzearen ebaketa ideala.
Oso kontuan hartu beharreko elementua da kapitulu honetan agertzen dena, mendiko burdinolei edo haizeolei buruzkoa. Informazio hau, egiaz, “Historia de Mendaro” liburuan argitaratu zen, eta azaltzen du burdinolek bilakaera handia izan zutela oso garai goiztiarretan (1.335. urteko Foruari esker), aurreko garaietan, mendiko burdinolak izan zirelako. Gure ustetan, arestiko mendiko burdinolak ez dira egiazko burdinolak, mea ustiategien ondoan zeuden labeak baizik, ateratako burdin mea erreduzitzeko eta burdin puruagoa ateratzeko erabiltzen zirenak; izan ere, askoz errazago garraiatzen zen haranetaraino. Beraz, baliteke burdinolen bilakaera garrantzitsuaren arrazoia izatea inguruan burdinazko meak egotea.
Elgoibar, 2022ko urtarrilaren 25a Angel Mª Tobajas, Morkaiko Espeleologia taldea eta Leizarpe Espeleologia Taldea