Libanoko arrain kondrikteak
Munduan arrain kartilaginosoen aztarnategi esanguratsu bat baldin bada, Libanoko Hgula eta Haquil harrobietan dagoena da hori. Aztarnategi horietako arrain fosilak –horietako batzuk ditugu Elgoibarko fosilen eta mineralen museoan- mundu mailako paleontologiako alerik hoberenetarikoak eta garrantzitsuenetarikoak dira, ez bakarrik haien kontserbazio egoera bikaina delako, baizik eta, fosil espezie desberdin asko daudelako. Mufomiko beira-arasetan fosil hauen 5 espezie desberdin izango ditugu ikusgai. Ia 100 milioi urte dituzte eta Behe Kretazeo Zenomaniarreko geologia garaikoak dira. Bikainak, bitxi-bitxiak eta apartak dira, eta kontserbazio egoera ezin hobean daude.
Zer dira kondrikteak?
Arrain kondrikteak dira, modu arruntean, kartilaginoso deitzen diegunak (Chondrichtyes klasea). Arrain mota hauen barruan sartzen dira kimerak, marrazoak, arraiak, manta-arraiak eta torpedoak. Orain deskribatuko ditugunak Errajiformeen ordenakoak dira. Animalia ornodunak dira, baina arrain hezurdunak ez bezala, kartilagoz osatuta daude,
eta ez dute eskeletorik. Gorputz zapala edo deprimitua dute, disko edo erronbo eitekoa. Libanoko arrainak, argi eta garbi, itsas ertzekoak dira, Krustazeoekin eta marea arteko gune horretan bizi diren eta arrain horien elikagai nagusiak diren beste animalia batzuekin lotzen direlako. Hala ere itsas-animalia hauetako batzuek, aldi baterako, ur gezatarako edo ur gazitarako egokitzapenak izan zituzten. Salbuespen gisa, izan ziren ur gezatarako bakarrik egin ziren egokitzapen iraunkorrak.
Gaur egun, ezaugarri hori duten espezie gutxi batzuk ikus ditzakegu. Horretaz gain, esan dezakegu erreportaje honetan ageri diren fosil-generoak gaur egun ere existitzen direla, nahiz eta orain dela milioika urte sortu ziren. Gainera, animalia urriak dira eta dibertsifikazio gutxikoak. Elgoibarko Fosilen eta Mineralen Museoan, arestian adierazi dugun moduan, espezie desberdinetako 5 fosil ditugu: Cyclobatis oligodactylius, Rhinobatos whitfieldi, Rhinobatos hakelensis, Rajorhina expansa eta Micropristis solomonis, horiek guztiak fosilizazio egoera ezin hobean.