Elgoibar eta Azkoitia arteko GI 2634 errepideko zubi handiaren azpian, Azkoitiko udal barrutian, meatze xume batzuk daude. Meatze haietatik burdina ateratzen zen sulfuro moduan, hain zuzen ere, pirita izenez ezagutzen dena. Mineral hori kolore zurixka duen basalto gogorreko matrizean ateratzen da. Meatzeak kokatuta daude begiratzean eta ukitzean lur itxura duen lutita okre eta beltzeko haitzean. Oso hauskorrak dira, ziurrenik, eraldatu egin direlako meteorizazioaren ondorioz. Meatze horietan egindako lanak galeria txiki bazuk dira, 15 luze, 1,60 metro garai eta metro eskas bat zabal direnak. Beste galeria batzuk are laburragoak dira, eta lanen batzuk kanpoaldean ere egin izan dituzte, baina lan horiek ere oso garrantzi gutxikoak dira. Inguruan dauden eta kuartzozko zainak dituzten basalto gris argiko haitz handietan ere pirita aztarnak aurkitu izan dira. Horrelako material basaltikoetan ere lan batzuk ikus daitezke, oso txikiak direnak. Bestalde, ez da ez hondakinik, ez mineral metaketarik ikusten. Meatzeetako instalaziorik ere ez da ikusten, nahiz eta, antzinako aireko ortoargazkiak ikusita, antzematen dugun meatzerik handiena itxita edo hondoratuta egon daitekeela.

Lepidokrozita

Azkarateko meatzeetako lepidokrozita

Hainbatetan, laginak biltzeko egin izan ditugun ekinaldietan, mota desberdinetako mineralak aurkitu izan dira, ia beti, konposizio forma desberdinetan burdina daramatenak: oxidoak, hidroxidoak, sulfuroak e.a. Kolore bitxidun kuartzoak ere agertzen dira. Batzuek kolore gorri lurtsua dute burdin oxidoaren ondorioz, eta beste batzuek, ikusgarriagoak direnak, ia espektro kromatiko guztia irudikatzen duten kolore irisatu ederrak dituzte. Aipatu dugun azken hori lepidokrozita da, bitxia, ikusgarria eta urria den minerala.

Horretaz gain, oso datu bitxia da Urruzunoko meatzeetatik bi kilometro baino zertxobait gehiagora dauden meatze horietan kupre aztarna bat ere ez egotea; izan ere, Urruzunoko meatzeetan ugari da kuprea, hainbat mineralizazio formaren bidez agertzen dena: hala nola, sulfuroak, karbonatoak, silikatoak eta arseniatoak.

Azkarateko meatzeetako lepidokrozita

Azkarateko meatzeetako lepidokrozita

Zer da lepidokrozita?

Kimikaren ikuspegitik, lepidokrozita burdin oxihidroxidoa da, eta, noizean behin, manganesoa izan dezake. Goethitaren polimorfoa da (konposizio kimiko berbera duten mineralak dira), eta zuzenean loturik egon ohi da mineral horrekin; izan ere, gehienetan, bi mineral horiek elkarturik aurkitu ditzakegu. Mineral horiek piritaren ondoan ere aurkitu daitezke. 5eko gogortasuna du Mohs eskalan eta 4 kiloko pisu espezifikoa dezimetro kubikoko. Paleokroismoaren ondorioz, haien kristal sistema ortorrinbikoa da. Palekroismoa da mineral batzuek argi uhin luzera desberdinak adsorbatzeko duten gaitasuna, eta intzidentziaren norabidearen arabera, kolore desberdinak sortu ditzakete kristal berean. Oxidazioaren eta meteorizazioaren ondorioz eraldatzen denean, limonita sortzen da, baita goethita ere. Eta, azkenik, bitxikeria gisa adieraziko dugu lepidokrozita aztarnak aurkitu izan direla Txileko Vaca Muertako mesosideritan.

Azkarateko meatzeetako beste mineral batzuk

Arestian aipatu dugun moduan, meatze bitxi hauetatik mota desberdinetako mineralak ateratzen dira. Haietako askok zerikusia dute burdinarekin, hala nola, hematita, forma kubiko milimetrikoetan ondo kristalizatutako pirita, goethita, limonita eta aurrez aipatu dugun lepidokrozita; baina, horietaz gain, manganesoa, igeltsua, klorita, kolore desberdinetako kuartzoak, hala nola, prasio berdeak, kuartzo hematoideo gorria, kuartzo zitrino horia eta laranja, e.a. Azken finean, mineral ugaritasun eta aberastasun handia aurkitu izan dugu, eta hori nahiko harrigarria hain garrantzia gutxiko meatzeetan.

Azkarateko meatzeetako bioespeleologia

Beste batzuetan ere hitz egin izan dugu haitzuloen barruan, baldintza oso eskasetan, sortzen den bizitzaz. Beti harritu izan gaituzte bizitza forma horiek, lurrazpiko bizimoduari guztiz egokituta daudenak, hain anitzak izatea, eta, halaber, elkarren artean oso hurbil dauden barrunbeetan aurkitzen diren izaki bizidunak guztiz desberdinak izatea. Beste bitxikeria bat da bizitza kanpoko klimaren baldintzei bizkarra emanda garatzen dela. Ohikoa da, barrunbeen barrualdeko hezetasunaren eta tenperatura konstantearen ondorioz, izaki bizidun horiek urtaroen aldaketa meteorologikoen patroiei ez jarraitzea, kanpoan bizi diren organismoek ez bezala. Hala, edertasun handiko onddo harrigarriak aurkitu ahal izango ditugu, urtaro desberdinetan, eta horren ondorioz, teoria bitxi bat sortu da, lurrazpiko bizitzak kanpoaldeko bizitza arautzen duten patroi berberak jarraitzen ez dituela dioena. Lurrazpiko izakien bizitzaren zikloa luzatu egiten da, eta organismo horien hazkunde estadio desberdinak aurkitzen ditugu. Hala ere, posible da eguneko argitasun ezak eta etengabeko iluntasunak espezie horien bizitza luzatzen duen gertakari bitxi horretan eragina izatea.

Kuartzo zitrinoa goethitarekin