Morkaiko Leizarpe Espeleologia Taldeak ezagutarazi du hartzen atzaparkaden markak daudela Debabarreneko haitzuloetan
Hartzak debabarrenean
Azken urteotan, Elgoibarko espeleologoek egiaztatu ahal izan dituzte hartzen atzaparkaden markak daudela Debako eta Mendaroko haitzuloetan. Horretaz gain, egiaztatu ahal izan dute gure barrunbeetako marka horiek uste baino ohikoagoak direla. Aski da gure haitzuloetako hormen azterketa zehatza egitea mota horretako marka lausotuak aurkitzeko. Baina espeleologoak gehien harritu dituen aurkikuntza atzaparkada izugarriz osaturiko panela da, antza. Atzaparkada horiek, batzuetan, bata bestearen gainean ageri dira, baita perpendikularki ere. Horien artetik, atzaparkada bertikal handi bat nabarmentzen da, 40 zentimetro luze eta 20 zentimetro zabal dena.

Hartzen atzaparkada handien panela Debabarreneko haitzulo batean.
Haitzuloko horma gogorrean, atzaparkadek hain arraildura nabarmenak nola egin ahal izan dituzten azaltzeko, espeleologoek diotenez, horma karbonatoz eta buztinez osaturiko zarakar ilun batez estalita dago eta, horrela, nahiko erraza da bertan marrak egitea.

Hibernatzeko bi hartzulo edo zulo Debabarreneko haitzulo batean.
Marka horiek egin ahal izan dituen hartz motari dagokionez, haitzuloetako hartza eta hartz arre kantauriarra izan behar ditugu kontuan. Hala ere, egiaz, haitzuloetan bizi izan zena lehenengoa izango zen, bere izen ezagunak adierazten duen moduan. Kalkuluen arabera, duela 200.000 urte inguru agertu zen haitzuloetako hartza gure barrunbeetan, nagusiki, lekurik sakonenetan hibernatzeko babesleku baten bila. Hibernatzeko toki horietako erakusgarri gisa, haitzulo batzuetako zoruan zulo edo hartzulo batzuk aurkitu ahal izango ditugu, hartzek neguko loaldi luzea igarotzeko egin zituztenak. Zuloa egin ostean, adarrak, belarra eta goroldioa jartzen zituzten hondoan, eta, horrela, ohe antzeko bat egiten zuten, hibernatzea erosoagoa izan zedin. Antza denez, haitzuloetako hartzak duela 24.000 urte desagertu ziren, izan ere, azken glaziazioaren bukaera aldera areagotu egin zen lurraldea eta haitzuloak lortzeko gizakiekin zuten lehia.

Atxuri Haitzaren horma, Mendaroko Aitzbeltz mendia inguratzen duen galtzadatik begiratuta.
Haitzuloetako hartzek 500 kg baino gehiago pisatzen zuten batez beste. Horrekin alderatuta, hartz arre kantauriarren espezieko ar handienek izan ohi dituzten 180 kg-ak nahikoa ebidentzia dira haitzuloetako atzaparkada marka handien egileak haitzuloetako hartzak direla esateko.
Debabarreneko Karsteko Geoparkea. Arkeologia eta geologia ondarea
Ziur gaude atzaparkaden marka horiek baieztatzeak, nolabaiteko azterketak egitea eta babes neurriak ezartzea ekarriko duela barrunbe horien kontserbazioa babesteko. Nolanahi ere, Debabarreneko barrunbeetan, etengabe gertatzen diren aurkikuntza espeleologikoen, arkeologikoen, paleontologikoen eta hidrogeologikoen ondorioz, gure ustetan, atzeraezina da gure paisaia karstikoari balioa ematea, eta, horretarako, zer gauza hoberik Euskal Kostaldeko Geoparkean aurreikusita dagoen Karstaren Ibilbidea prestatzea baino. Gaur egun, gure geoparkea Flysch-aren Ibilbidera mugatzen da ia osorik, eta, bitxia bada ere, ez ditu baliatzen Arnoko Karstaren eta Izarraitzeko Karstaren balioak, nahiz eta ikerketek aurrera egin ahala, balio horiek modu esponentizalean hazi. Ez dugu ahaztu behar, maila hidrologikoan bakarrik, Debabarreneko paisaia karstikoak balio kalkulaezina duela, Elgoibar, Mendaro, Mutriku, Deba eta Itziar, eta bertako industrialdeak ere bai, lurrazpiko urez hornitzen direlako, eta horrek berez justifikatuko lukeelako karsta babesteko esku-hartze ausartagoa egitea. Horretaz gain, berrogeita hamar haitzulo baino gehiago, Euskal Herriko labar-pintura garrantzitsuenak, 500 haitzulo eta leize katalogatu baino gehiago, 100 eta 500 metro arteko sakonera duten dozenaka leize, 9 barrunbe kilometriko, esploratutako 500 km barrunbe eta aztertutako 9 urpeko ibai ditugula kontuan izanik, ulertu ahal izango dugu Debabarreneko ondare karstikoarekin bakarrik, gaur egun, justifikatu ahal izango litzatekeela Debabarreneko Karstaren Geoparkea egitea. Morkaikoko espeleologoen ustetan, geoparke honetako gakoetako bat Mendaroko herria izango litzateke, Karstaren sarrera delako. Bertan hasten dira kareharriak, hain zuzen ere, nazioartean ezaguna den Aizkoltxoko kareharrizko muinoan. Haien irudiko, Mendaron jarri beharko litzateke Debabarreneko karstaren interpretazio zentroa; izan ere, horrek ezagutzera emango luke gure paisaia karstikoa, eta haren babesa eta ikerketa sustatuko lituzke. Era berean, Debabarreneko Karstaren Ibilbideak eskualdeko turismoa sustatuko luke, bereziki, landa turismoa; izan ere, karsta eskuaren barrualdean dago, kostaldeko eremutik aldendurik. Horrexegatik, espeleologoek uste dute Elgoibar ere Euskal Kostaldeko Geoparkearen parte izan beharko litzatekeela, Izarraitzeko Karstaren lehenengo muino karstikoa eta lehenengo barrunbeak Momiola inguruan egoteaz gain, beste elementu batzuekin ere lagundu ahal izango liokeelako geoparkeari: hala nola, Erreketako Karstarekin, Karakateko dolmenen estazioarekin, Moruko Burdin Aroko herrixkarekin eta Mufomi Mineralen eta Fosilen museoarekin. Halaber, egokitzat jotzen dute Elgoibarren informazio eta turismo bulego bat jartzea inguruko turismo eskaintza bateratzeko eta sustatzeko edo, bestela, bulegoa sortzen laguntzeko.

Atxuri leizearen barrualdearen ikuspegia, goiko ahorantz igota.
4 hamarkada baino gehiago espeleologiaren arloan jardun ondoren, Elgoibarko espeleologoek hainbat proposamen egin dituzte gure paisaia karstikoa ezagutzera emateko. 1992an, Arraztoko leizea jendearentzat irekitzeko proposamena egin zioten Mendaroko Udalari, haien ustetan, barrunbe turistiko izateko beharrezkoak diren baldintzak dituen barrunbe bakarra baita. Hala ere, 2018an jaso dituzte Debabarreneko turismo karstikoa garatzeko proposamen horiek guztiak “Bajo el suelo de Mendaro por sus cuevas y simas” izeneko liburuan. Haien artetik azpimarratu ditzakegu ibilbide karstikoak, espeleologoentzako eta mendizaleentzako aterpetxe espeleologiko bat sortzea eta via ferratak irekitzea. Hain zuzen ere, Atxuri Haitzeko via ferratari esker, lehenengo zatia igotzeko, hormak dituen 100 metroak eskalatu ahal izango lirateke Atxuri leizearen hondoan zabaltzen den aho bateraino. Horrela, haitzaren gailurreraino gelditzen diren gainerako 50 metroak leizean barrena igoko lirateke. Egia esan, via ferrata mistoa izango litzateke. Ibilbide bat izango luke kanpotik, eta beste bat, lur azpitik. Eskaladaren eta espeleologiaren arteko nahastea izango litzateke.
©Morkaiko Leizarpe Espeleologia Taldea, 2021-V-27
Argazkiak ©Morkaiko Leizarpe Espeleologia Taldea