Gaur egun, Elgoibarko fosilen eta mineralen museoko beira-arasetan ikusgai daude brakiopodoen filumeko fosilen 120 ale baino gehigao. Horietako asko gure biltegian gordetzen ditugun arren, egokia iruditu zaigu itsasoko fosilen ikuspegi orokorra hornitzen ea osatzen duten animalia txiki eta liluragarri horien mundua aditzera ematea, fosil gida garrantzitsuak baitira.
Zer dira brakiopodoak?
Itsasoko animalia ornogabeak dira (ez dira ur gezatan bizi). Bi maskor edo kusku asimetrikorekin babesten dira, eta itsasoko hondoari itsatsita egoten dira, pedunkulu baten bidez. Pedunkulu hori bi kuskuen junturaren ondoan dagoen foramen izeneko zulo batetik irteten da. Sakonera gutxiko itsasbazterretan bizi dira, eta kuskuen eitearen arabera, bi motatakoak izan daitezke: artikulatuak, ugarienak, eta, artikulatu gabeak, bitxienak eta urrienak.
Brakiopodoak itsasoko hondoari atxikita bizi dira haien pedunkuluari esker. Batzuk itsasoko lohian lurperaturik ere bizi dira, eta galeria luzeak egiten dituzte kuskuekin.
Animalia hauek aro Kanbriarrean sortu ziren, gutxi gorabehera, duela 500 milioi urte, eta gaur egun ere existitzen dira. Oso garrantzitsuak dira lursailen garai geologiko desberdinen datak zehazteko; izan ere, arestian aipatu dugunez, fosil gidak dira. Oso ohikoak izan ziren Paleozoikoan, eta 16.000 fosil espezie baino gehiago aurkitu dira gaurko egunera arte. Hala ere, gaur egun, 300 espezie inguru bakarrik existitzen dira.
San Pedro mendilerroko brakiopodoak
San Pedro mendilerroa Caceres probintziako hego-mendebaldean dago, eta muga naturala egiten du Badajozeko probintziarekin. Ikuspegi geologikotik, Toledoko mendien luzapena da, 90 kilometroko luzerarekin eta, gehienez ere, 10 kilometroko zabalerarekin. 800 kilometro karratu inguru ditu, eta ezaguna da itsasoko fosilen fauna handia dagoelako bertan, non brakiopodoak nagusi baitira. Aurkitu ditzakegun fosilak hainbat garai geologikotakoak dira. Behe Ordoviziarrekoak dira zaharrenak, duela 490 milioi urte inguru bizi izan ziren lorratz fosilen fauna osatzen dutenak. Fosilen fauna aurki dezakegun ondorengo aroa Erdi Ordoviziarra da, duela 458-478 milioi urtekoa. Aro hartako faunaren adierazgarri nagusiak dira trilobiteak, kuskubikoak eta brakiopodoak. Ondoren, Goi Ordoviziarra dator, duela 440 miloi urtekoa, non moluskuen fauna nagusitzen baita.
Azkenik, Behe Devoniarra dugu, 390 milioi urterekin. Aro horretan, ugaria da brakiopodoek, kuskubikoek, moluskuek, trilobiteek, krinoideoek eta abarrek osatzen duten fauna. Garai horretako brakiopodoen fosil ugari jaso ditugu spirifencuarzit edo spiriferdun kuartzita entzutetsutik. Bertan, Euryspirifer pellicoi eta Euryspirifer paradoxus espezieez osatutako spirifer lumakela handi bat dago, hainbat kilometro karratu estaltzen dituena mendilerroaren hegoaldeko hegaletan. Bestalde, Alisedako Pastora mehatzetik oso hurbil dauden ekialdeko magaletan, arbel-mailetan, hain zuzen ere, garai hartako spirifer fosilak aurkitu izan ditugu, oso ondo kontserbatuta daudenak. Fosil haien ale ugari jaso genituen, eta horietako batzuk museoko beira-arasetan ditugu ikusgai.
Eta bukatzeko, aro geologiko interesgarriago bat aipatuko dugu, urria eta bitxia delako. Aro hori Itsasoko Behe Karboniferoa da, hain zuzen ere. Garai honek ordezkaritza zabala du San Pedro mendilerroan, hainbat aztarnategi daude eta bertan, 360 milioi urteko antzinatasuna dutenak. Aztarnategi horietan kuskubikoak, krinoideoak eta briozooak aurkitu izan ditugu, baina, batez ere, hainbat espezietako brakiopodoak. Horien artetik, Rugosochonetes acutus eta Karavankina rakuszi azpimarratu behar ditugu; izan ere, antzina-antzinako itsaso paleozoiko haiek izan zezaketen aberastasun zoologikoaren ikuspegi zehatzagoa ematen digute.
©Alex Martinen argazkiak (MUFOMI)