Arrain fosilak. Bizkaiko teleosteoak
Esan dezakegu Elgoibarko fosilen eta mineralen museoan gordetzen ditugun Zeanuriko (Bizkaia) arrain fosilak aspaldiko iraganeko harribitxi txikiak direla, hain zuzen ere, Behe Kretazeoko Barremiar-Valanginiar estaietakoak, 120-140 milioi urte dituztenak. Bizkaiko fosilei eta mineralei eskaintzen diegun beira-arasan, gaur egun, 32 arrain teleosteoren hondakin fosilak ditugu, besteak beste, positiboak, negatiboak eta osatu gabe dauden bestelako hondakinak (burezurrak, eta itsas-hegal batzuk, gaur egun, inguruko aztarnategi ezagunetan aurkitu ohi diren arrainek izaten dituztenak baino handiagoak).
Zer dira teleosteoak?
Arrain teleosteoak, hezurdunak ere deitzen direnak, uretan bizi diren animalia ornodunak dira. Badira itsasokoak, aintziretakoak eta ibaietakoak. Gaur egun, klaserik ugariena dira; izan ere, ia arrain guztiak dira klase honetakoak. Teleosteoen ezaugarri nagusia da eskeletoa erabat hezur bihurtuta dutela. Zakatzetan operkulu bat dute, eta horri esker, arrainek zakatzak nahieran irekitzen eta ixten dituzte, arnasa hartzen duten bitartean, ura iragazteko. Teila eiteko ezkata guztiak modu berean antolatzen dira bere gorputzaren gainean. Igeri-maskuri bat dute, arrainek modu hidrostatikoan erabiltzen dutena, uretan ibili ahal izateko. Itsas-hegala homozerkoa da (bi erdiak berdinak dira). Teleosteoak hiru aktinopterigio motetako bat dira, eta 12 arrain azpimota baino gehiagoz osatuta daude.
Zeanuriko (Bizkaia) teleosteo fosilak
Arratia haranean aztertutako fosilak Areatzako, Arteako eta Zeanuriko herrietan azaleratu ziren, nahiz eta inguru horretako azaleratze arbeltsu guztietan ere agertu zitezkeen. Aztertutako aztarnategiak azpimarragarriak dira, bertan dauden arrainak, kontserbazio egoera onean egoteaz gain, antzinakoak direlako; izan ere, Europako klupeido zaharrenak eta osoenak dira. Era berean, Ezkutuberezi carmeni espezie berria bertan aurkitu izanak aztarnategi hauen garrantzia azpimarratzen du. Egia esan, Arratia haraneko arrain fosil guztiek primitiboak diren alderdi eta ezaugarri ugari dituzte. Kontuan izan behar da aztarnategi desberdinetan aurkitu izan dituztela antzeko arrainak, baina denak askoz berriagoak direla: adibidez, Libanon dauden Kretazeo Cenomaniarreko aztarnategietakoek 100 milioi urte inguru dituzte (gutxi gorabehera, Zeanurikoek baino 30 milioi urte gutxiago), eta Eozeno garaiko Wyomingeko Green River formaziokoek, berriz, 45 milioi urte (gutxi gorabehera, Zeanurikoek baino 90 milioi urte gutxiago). Libanoko arrain fosilak, argi eta garbi, kostaldekoak dira, inguru horretan bizi diren krustazeoekin loturik daudelako; eta Wyomingeko arrainak guztiak, berriz, ondo dokumentatutako aintzira-arrainak dira. Bestalde, esan daiteke Zeanuriko teleosteo fosilak padura inguru batean bizi izan zirela, ur gaziaz eta gezaz inguraturik, arrain fosilak azaldu diren aztarnategietan aurkitu den fauna kontuan izanik.
Elgoibarko Fosilen eta Mineralen Museoan, arestian adierazi dugun moduan, hainbat espezietako 32 fosil hondakin ditugu: 17 klupeido, 10 diplomystus, 2 Ascalabos voithii eta 2 Ezkutuberezi carmeni. Horiek guztiak fosilizazio egoera onean daude.