Joan den igandean, 2020ko azaroaren 30ean, esplorazio eta abenturetako lagunetako batekin Urruzunoko meatzea ikustera joan nintzen berriro ere. Hauxe da Elgoibarren zutik dirauen lurpeko meatze bakarra, eta ohikoa zenez, konturatu ginen irteera bakoitzean gauza berriren bat ikusten edo antzematen genuela. Javier Vargasi meatzearen barruan, bertako hormak aztertzen genituen bitartean, esan nion bezala, idatzi behar nuen hurrengo albistea Talaiako meatze zaharreko kalkopiritari buruzkoa izango zen; izan ere, meatzearen barruan, duela hamarkada asko, harriturik utzi ninduena ikusten ari nintzen. Baina hasi gaitezen hasieratik, eta eguneratu dezagun desagertutako meatze horri buruz dakiguna.
Talaiako meatzea
Morkaiko Espeleologia Taldeak, 1975ean, Mortarikako sakanean zegoen haitzulo bati buruz jaso zuen informazioari esker, antzinako meatze ezezagun hau aurkitu ahal izan nuen, oraindik ere misterio bat dena. Meatzea osatzen zuen haitza kareharrizkoa ez bazen ere, lehenengo ikuskapenean, haitzulo moduan katalogatu genuen behin-behingoz, bertan zeuden karbonatozko konkrezioen edo espeleotemen ondorioz; baina meatzearen topografia egin bezain laster, agerian gelditu zen barrunbe artifizial bat zela. Batez ere, galeriaren bi hormetan zulatutako 36 argizuloek agerian utzi zuten meatzearen jatorria eta antzinatasuna. Dirudienez, erromatarrek argiztapen modu hori erabili zuten, eta gure probintzian badira horri buruzko adibideak.
Talaiako meatzeko argizuloak hormako hobi angeluzuzenak ziren, hain zuzen ere, 20 cm-ko luzera, 12 cm-ko zabalera eta 10 cm-ko hondoa zutenak. Argizulo horien funtzioa zen galeria argiztatzen zuten oliozko lanparak edukitzea. Gainera, gutxi gorabehera, tarte erregularretan zulatuta zeuden, lurretik 160 cm-ra. Sen onarekin, argizuloak meatzearen sarrerako gunea bukatzen zen bihurgunearen atzean agertzen ziren, ia erabatekoa zen iluntasuna hasten zen lekuan, baina, inolako azalpenik gabe, desagertu egiten ziren meatzearen erdialdetik aurrera. Argi zegoen argiztapen sistema aldatuta zegoela meatzea zulatzen bukatu zutenerako, eta horrek ere adierazi dezake bigarren zatia lehenengoa baino askoz beranduago hondeatu zutela. Halaber, meatzearen bigarren erdiko galeriaren sekzioan ikusten zenez, txikitu egiten ziren neurriak, bereziki, altueran, eta horrek makurturik ibiltzera behartzen zuen.
Baina Talaiako meatzearen jarduera ez zen barrualdean bakarrik nabaritzen; kanpoaldean ere agerikoa zen aire zabalean lan horretan jardun zutela; izan ere, meatzerako sarrera aurkitu zuten 20 metro inguruko luzera eta 4 metroko zabalera zituen lubaki baten bukaeran. Lubakia bat-batean bukatzen zen meatzearen ondoan zegoen eta 6 metro baino gehiagoko altuera zuen horma baten ondoan. Lursailean zegoen eta inguruko orografiatik guztiz aldentzen zen zulo handi hura izan zen, leku hartako landaredi trinkoaren artean, meatzea aurkitu ahal izateko izan genuen erreferentzia nagusia. Gainera, zulo hartan hondeatu zuten lursailaren bolumena ez zen meatzean hondeatutakoa baino txikiagoa. Agian, Talaiako meategiko lehenengo ustiategia aire zabalekoa izan zen, eta, baliteke, gerora, lurrazpian aritzea erromatarren meatzegintza-teknikez baliatuta.
Zoritxarrez, 1988ko uholdeetan, luizi handi bat izan zen Talaiako lurretan, eta guztiz lurperatuta gelditu zen meatzera sartzeko lubakia, eta ondorioz, sarrera bera ere bai. Luizi haren ondorioz ere lurpean gelditu zen argitu ezin izan genuen galdera ugarietako bat: ea zein mineral mota ateratzen zuten meatze hartatik. Susmoren bat bagenuen; izan ere, Javier Vargasek kalkopirita mineralaren lagin batzuk jaso zituen meatzearen inguruan; baina, meatzearen barrualdean, aurkitu genuen aztarna mineral bakarra izan zen meatzearen galeria bakarraren behealdean zegoen kolada, mineralen baten presentzia agerian jartzen zuten txokolate koloreko oxido disdiratsuez estalita zegoena. Hala eta guztiz ere, ez genuen formazio ikusgarri hura suntsitu nahi izan kolada hura zein materialek sortu zuen jakiteko, oso distiratsuak eta bitxiak ziren oxidoak zituen eta. Hori zela eta, ezin izan genuen meatzetik lagin bat ere atera, bertan ustiatzen zen minerala zein zen baieztatu ahal izateko.
Ia 4 hamarkada geroago, aurreko igandean, Urruzunoko meatzeko horma estaltzen duten txokolate koloreko oxidoen zoldari begira ari nintzela, Talaiako meatze desagertuko hormetako baten oinetan ageri zen txokolate koloreko koladari begira ikusi nuen neure burua. Berehala konturatu nintzen kolada mota hori sortzen dela, galeriako giro hezearengatik kalkopirita degradatu egiten delako, eta orain, inoiz baino gehiago, ziur gaude Talaiako meatzea kalkopirita meategi bat izan zela.
Angel Mª Tobajas, Morkaikoko Leizarpe Espeleologia Taldearen artikulua
Argazkiak: © Angel Mª Tobajas