Oraindik orain, gure lagun eta lankide Patxi Jatok ekinodermo baten fosil oso interesgarria eta bitxia eman dio Elgoibarko fosilen eta mineralen museoari, MUFOMIRI.
Ale bikain hori fosilizatuta dago, itxuraz, Flysch Beltza izeneko formaziokoa den lutitazko matrize batean. Goi Kretazeo Zeomaniarretik Behe Kretazeo Albiarrera doan garaikoa da, eta horrek 91 eta 113 milioi urte arteko adina ematen digu.
Lutita, latinez (lutum) lohia da. Nagusiki, buztinez, lohiz eta itsas-hondoetan sortzen den material organikoz osatzen da, eta material organikoaren kantitatearen arabera, aldatu egiten da haren kolorea. Horrela, lutita argiagoa izango da ekarpen organikoa txikia bada, eta ilunenak izango dira ekarpen organiko handia dutenak.
Aurkitutako fosila Ekinodermatoen filumekoa da (grekeratik datorren hitza: “ekino” arantza, eta “derma” azala; azal gogorra ere deitzen zaie), Asterozoeen subfilumekoa eta Stelleroideen klasekoa. Klase hau bi azpiklasek osatzen dute: Asteroideo izeneko itsas-izarrek eta Ofiuroideoek. Azken azpiklase honetakoa da aztergai dugun fosila. Bi azpiklase horien arteko desberdintasun nagusiak hauexek dira: Asteroideoen besoak nahiko motzak dira eta gutxi mugitzen dira, eta horretaz gain, ez dira erdiko diskotik atzeratzen. Ofiuroideoen besoak, aldiz, meheak, oso luzeak eta mugikortasun handikoak dira, eta erdiko diskotik ateratzen dira. Horren ondorioz, argi eta garbi bereizten dira animaliaren besoak.
Ekinodermo fosilak
Esan dezakegu ekinodermoak animalia oso primitiboak direla, gutxi eboluzionatu dutenak. Ez dute bururik, ez begirik, ez burmuineko gongoilik. Anatomiari dagokionez, ezaugarririk nagusiena pentaerradiometria da. Hala ere, haien antolaketa eta egitura bitxia gertuago dago animalia ornodunengandik animalia ornogabeengandik baino.
Ekinodermo batzuen erregistro fosila ugaria da, baina ez da gauza bera gertatzen Asterozooen subfilumarekin, oso urria izateaz gain, ordezkaritza txikia baitu, eta zaila da ondo fosilizatutako ale osoak aurkitzea. Mota honetako ekinodermoak ez dira itsasoko hondoari itsatsita egoten; aitzitik, libreki mugitu daitezke, bereziki, ofiuroideoen azpiklasekoak; izan ere, haien mugimenduak azkarrenak eta arinenak dira ekinodermo mugikor guztien artetik. Ekinodermoak itsasoan bakarrik bizi diren animaliak dira, eta ez dira uretako beste ingurune batzuetara egokitzen. Oso goiz agertzen dira erregistro fosilean; izan ere, Behe Kanbriarreko espezieak ere badira, 550 milioi urte baino zaharragoak. Bi talde handitan banatzen dira: sedentarioak, Pelmatozoo izenekoak, eta mugitzen direnak, Eleuterozooak. Horiek, aldi berean, 14 azpiklase desberdinetan banatzen dira. 14.000 inguru dira gaurko egunera arte aurkitu diren espezie fosilak.
Egungo Asterozooak
Gaur egun, 1.800 Asteroideo espezie inguru daude, eta 2.000 Ofiuroideo espezie baino gehiago. Itsasoko hainbat ekosistema kolonizatzen dituzte, eta urik azalekoenetan (hondartzetako hondar gainera irteten dira, eta eguzkia hartzen dute kostaldeko haitzen artean) eta 6.000 metrotik gorako sakonera abisaletan ere bizi daitezke.
Bitxikeria gisa, Asterozoo batzuen ezaugarririk harrigarrienak aipatuko ditugu. Esaterako, gorputz adarrak moztuz gero, berriz sortzeko ahalmena dute. Espezie batzuek ohiko bost besoak baino gehiago dituzte, eta ezagunak dira 10 besoko espezieak. 15 beso dituzten espezieak ere badira, eta ozeano antartikoan bizi den Labidiaster annulatus bitxiak 50 beso ditu. Batzuk nimiñoak dira, milimetro eskas batzuk dituzte; handienak, berriz, 90 cm-ra ere iritsi daitezke. Ugalketa sistema berezia dute; izan ere, asko eta asko aldi bereko hermafroditak dira, hau da, bi sexuak izan ohi dituzte. Beste batzuk erdiko diskoen fisioaren bidez ugaltzen dira, baita besoen edo zati nimiño baten fisioaren bidez. Espezie batzuk primeran elikatzen dira. Horretarako, kuskubikoen maskorrak zulatzen dituzte. Animaliak oso azido indartsua jariatzen du, eta urdaila kanpora atera eta zulotik sartu ostean, molusku babesgabea xurgatzen du. Harrigarria da animalia bitxi eta kezkagarri hauek elikatzeko duten modua. Museoan 50 ale ditugu ikusgai: 15 Asteroideoen azpiklasekoak dira, eta 35, Ofiuroideoen azpiklasekoak. Hainbat garai geologikotakoak dira, leku desberdinetatik ekarritakoak.