20Gure eskualdean badago gauza bat agerikoa dena: Mendaroko herria dela Debabarreneko karstaren atea, baina, agian, ez da hain ezaguna, Aizkoltxo muinoa dela karstaren ataria. Muino txiki hau, bi hektarea pasatxoko azalera duena eta Deba ibaia baino 55 metro gorago dagoena, Debabarreneko paisaia karstikoaren elementu paregabea da, mundu guztiaren arreta pizten duen mugarri naturala, kareharriaren erreinu liluragarri eta berezian barneratzen ari garela adierazten diguna.
Baina Aizkoltxo muinoari buruz egiten ari garen azalpenarekin jarraituz, lehenengo begi kolpean egiaztatu ahal izango dugu mendixka txiki hori errepidez, pistaz eta industrialdez inguratutako, eta, gainera, harrobi zahar batek eta ondoko industrialde batera iristeko errepidea egiteko ebakitako lurrek jandako zerbait baino gehiago dela. Inguru guztiz basatia, inola ere, haitz honen azpian dagoen ondare ugariaren eta ondare horrek adierazten duen guztiaren balioa ukatzen ez duena. Eta horregatik guztiagatik, berez, monumentu bat merezi duten bertako bi baliorekin hasi nahi dugu.
Gure ondare natural eta arkeologikoaren seinaletika monumentala egiteko proposamena: Debabarrenako Paleolitiko-Karstikoaren muga
Aizkoltxo muinoaren ondoan, hau da, errepide nazionalaren eta Kurutz Gain industrialdera joateko bidearen artean jarriko litzatekeen monumentua diseinatzeko proposamena obelisko tankerako monolito bat izango litzateke, oinarri zabalago baten gainean jarriko litzatekeena. Kontuan izanik, obeliskoak gertaera gogoangarriak gogorarazteko erabiltzen direla, esan genezake, Aizkoltxo muinoan Europako arte paleolitikoaren erreferente diren madeleine garaiko arte higigarriaren bi pieza aurkitu izana badela gertakari gogoangarri bat baino zerbait gehiago.
Horretaz gain, kontuan izanik monumentu mota hauek mugak bereizteko mugarri gisa ere erabiltzen direla, hiru metro inguru garai den obelisko bat eraikuntza ezin hobea izango litzateke Aizkoltxoren ondoan Debabarreneko kareharria edo karsta, eta, ondorioz, bertako arte paleolitikoa seinalatzeko; izan ere, mota horretako artea kobazulo horietan bakarrik aurkitzen dugu. Azken finean, monolito horrek karstaren eta Debabarreneko arte paleolitiko higigarriaren aurkikuntza garrantsitsuenen hasiera non dagoen adieraziko luke.
Azkenik, esan beharko genuke, Mendaroko udalerria, noizbait, Euskal Kostaldeko Geoparkearen parte izango balitz eta Karstaren Ibilbidearen proiektua egingo balitz, Aizkoltxo muinoa, logikak agintzen duenaren arabera, Ibilbide horren abiapuntua izan beharko litzatekeela. Horiek horrela, Aizkoltxoko obeliskoak abiapuntu hori ere adieraziko luke.
Alferrikako gastua izango litzateke batentzat baino gehiagorentzat, Aizkoltxon, Mendaroko paisaia karstiko berezia eta ondare paleolitiko paregabea sortzea, urtetik urtera handiagoa eta harrigarriagoa izango litzatekeena. Harrigarriro, kilometro batzuk egin eta inguruko herrietara hurbiltzen baldin bagara, konturatuko gara, aspaldidanik ari direla balio natural eta arkeologikoak aldarrikatzen dituzten monumentuak jartzen eta interesguneak markatzen. Are gehiago, esan daiteke Mendarok atzerapen handia duela lan horretan, nahiz eta bere ondare naturala eta arkeologikoa garrantzitsuagoa izan daitekeen. Urrutira joan gabe, nahikoa izango dugu ondoan dagoen Debako herrira joatea. Han, errotonda batekin topo egin eta handik hurbil dagoen Praileaitz haitzuloan aurkitutako madeleine garaiko zintzilikario ezagunenaren irudi eskematikoa ikusi ahal izango dugu.
Ikusi ahal izango dugunez, Deban, oso ondo seinaleztatuta dago Historiaurreko Bailara izeneko ibilbidea. Ibilbidea Deba ibaiko itsasadarraren ezkerraldetik, Mutrikuko udalerriko lurretatik abiatu eta Praileaitz haitzuloaren ondoan bukatzen da. Historiaurreko Bailararen ibilbidean barrena aurkitu ahal izango ditugu azalpenak ematen dituzten panel ugari, hezurren eta pieza arkeologikoen erreplikak, eta begiratokiren bat ere bai.
Handik gertu dagoen Soraluzeko herrian historiaurreko erreplika bat duen beste monumentu bat aurkitu ahal izango dugu errotonda batean. Soraluze ere Debabarrenean dago, eta, era berean, monumentuak kokaleku berdina du: herriaren sarrera. Errotonda horretan ikusgai izango ditugu hizki handiz idatzitako hitz batzuk, euskaraz eta gaztelaniaz, menhir bat irudikatzen duen monumentuaren inguruan jarririk. Monumentu horren bidez, Soraluzeko herriak Karakate mendilerroko gailurrak zuinkatzen dituzten dolmenen historiaurreko ondarea balioesten eta aldarrikatzen du.
Eta Debabarrenetik kanpo, baina Euskal Kostaldeko Geoparkearen Flysch-aren Ibilbidearen baitan, interes geologiko handiko gune bat aurkituko dugu, Kretazeoko-Tertziarioko Muga (KT muga) edo Kretazeoko-Paleogenoko Muga (KP muga) izenekoa. Geoparkearen ipar-ekialdeko ertzean dagoen muga geologiko ospetsua da, eta ezaguna da, bertan, dinosauroak desagerrarazi zituen meteoritoaren talkaren indizioak daudelako. Flysch-aren ibilbideko Kretazeoko-Tertziarioko muga hori kontuan izanik, Aizkoltxoko muga Paleolitiko-Karstikoa izango litzateke Geoparkearen bigarren muga, baina muga hori Karstaren Ibilbidearen barruan egongo litzateke eta muga geologiko eta arkeologikoa izango litzateke. Beste alde batetik, Aizkoltxoko PK muga Geoparkearen aurkako ertzean egongo litzateke, hego-ekialdeko ertzean.
Morkaiko Leizarpe Espeleologia Taldea