Oraindik orain, ustekabean, aurkikuntza bat egin dugu, Ertxiña mendiko antzinako meatze batzuetan bila ari ginela. Ertxiña mendia 434 metroko garaieran dago, Zestoa eta Aizarna herrien artean. Beheko kretazeoko molusku fosilak aurkitu ditugu Aizarnan. Gune hori, garai batean, meatze barruti entzutetsu bat izan zen, eta lignitoa erauzten zen bertatik, hau da, inguruko herrietako zementu-fabriketan, zementua ekoizteko kareharria kiskaltzeko erabiltzen ziren labeak elikatzen zuen harrikatza.
Meatze eremuek sorrarazten diguten jakinminaren ondorioz, azken hilabeteotan sarritan joan izan gara Aizarnara, eta gure ikerketetarako meatzeak eta haitzuloak ikusi eta mineralen laginak bildu ditugu. Igandean, martxoaren 11n, Igor Lasuenekin batera, fosil bat aurkitu genuen hondakinen artean, Ertxiña mendiaren iparraldeko hegalean dagoen San Fermin meatzean, urpean zegoen galeria batean.
Aurkitutako fosila molusku gasteropodo bat zen, eta zein itxura zuen eta zein lekutan aurkitu genuen kontuan izanik, Behe Kretazeokoa izango zela erabaki genuen. Xehetasun handiagoz begiratuta, lortu genuen, denbora laburrean, dozena bat fosil baino gehiago aurkitzea, gutxienez, hiru espezie desberdinetakoak zirenak. Horietako batzuk, oraindik ere, haitz karbonatatuaren matrizean daude, eta, lignitoz eta sedimentuen depositoez zikin-zikin eginda badaude ere, aurrerago adieraziko den moduan, kontserbazio egoera ezin hobean daude.
Egun batzuk beranduago egin genuen prospekzioan gasteropodoen fosil hondakin gehiago aurkitu genituen, eta, tartean, kuskubiko molusku baten ale bat, Actinodonta azpi-klasekoa, egoera onean. Era berean, oso higatuta zeuden kareharrizko haitz batzuk aurkitu genituen. Koralen, Pseudotoucasia generoko kuskubikoen eta gasteropodo batzuen hondakinak ikusi ahal izan genituen bertan, gune horretan izan zen oparotasun paleontologikoaz jabetzen lagundu zigutenak.
Moluskuak
Latineko mollis (biguna) hitzetik dator haien izena. Moluskuek animalia ornogabeen talde ugarienetakoa eta garrantzitsuenetakoa osatzen dute. Gorputz biguna eta itxura lingirdatsua dute. Molusku ugari daude, eta zazpi taldetan banatzen dira: Monoplacophora, Polyplacophora, Aplacophora, Gastropoda, Pelecypod, Scaphopoda eta Cephalopoda. Ezagunenak dira kuskubikoak, gasteropodoak eta zefalopodoak. Askok maskor kalkareoak dituzte kanpoaldean edo barrualdean babesteko eta defendatzeko. Era askotako habitatetan bizi dira, bai lehorrean, bai uretan, baina gehienak ur inguruneetan bizi dira (itsasoak, ibai-errekak eta lakuak). Gainera, askotariko gorputz-planak dituzte, eta haiei esker, munduko ia ekosistema guztietara egokitu ahal izan dira. Gutxienez, 50.000 espezie bizi daude gaur egun, eta esan daiteke, 200.000 direla, desagertutako espezieak kontuan hartuta.
Moluskuak behe Kanbriarretik, hau da, duela 550 milioi urte baino gehiagotik hona ageri dira erregistro fosilean, eta 40.000 espezie fosil aurkitu izan dira, eta espezie berriak deskribatzen dira urtero.
Gasteropodoak
Gasteropodo hitza grezieratik dator: gaster (urdaila) eta podos (oina), eta haiek duten lokomozio modu bereziari egiten dio aipamena. Beste molusku askok bezalaxe, muki izeneko substantzia bat sortzen dute, eta horrek bide ematen die eraginkortasun handiagoz elikatzeko. Molusku talderik anitzena da, eta maskorra bihurrituta izatea da haien ezaugarri nagusia.
Gasteropodo gehienak uretakoak dira, eta zakatz bat dute arnasa hartzeko, uzkia dagoen barrunbe berean. Barrunbe horretan, U tankerako korronte bat sortzen da, hondakinak kanpora ateratzen dituena, eta animaliari uretan disolbatutako oxigenoa eskuratzen uzten diona.
Lehorreko espezieek edo gasteropodo birikadunek, bestalde, neumostoma izenez ezagutzen den poro baten bidez hartzen dute arnasa. Poro horrek birika paleal izeneko egitura batera eramaten du airea.
Gasteropodoen fosilak meategiko hondakinen artean |
Kuskubikoak
Molusku talde hau Pelecypoda izenaz ere ezagutzen da. Izena grezieratik dator peleky (aizkora bikoitza) eta podos (oina) hitzetatik, oin haragitsuak duen eiteagatik. Hala ere, ezagunagoak dira Bivalvia izenarekin, maskorraren egiturari erreferentzia egiten dion latineko izenarengatik. Egitura bi kuskuz osatzen da (ezkerrekoa eta eskuinekoa). Kuskuak lokailu elastiko batez loturik daude txanga edo banda deituriko leku batean. Maskorra ixteko eta irekitzeko, kuskuari loturiko hainbat muskulu erabiltzen dira.
Haien ekosistema nagusia itsasoko urak dira, hala ere, badira ur gezatako espezieak. Nagusiki, hondoaren gainean edo itsas-hondoko hondarretan lurperaturik bizi dira, baina horrek ez du esan nahi mugitzen ez direnik. Izan ere, oin haragitsuak eta/edo maskorra bat-batean ireki eta ixteko mugimenduak bide ematen die alde batetik bestera joateko eta lurpean gelditzeko.
Kuskubikoak ere duela 520 milioi urte inguru agertu ziren, Kanbriar goiztiarrean, eta, gaur egun, uste da 50.000 espezie inguru existitzen direla, nahiz eta kopuru hori nabarmen aldatzen den zenbatespenen arabera. Erregistro fosilaren arabera, 42.000 fosil espezie baino gehiago zeuden 1987an.
Aizarnan aurkitutako fosilak
Ertxiña mendian egindako hainbat bilaketaren ostean, fosil espezie desberdinak aurkitu izan ditugu hainbat materialetan gorderik. Aurkitutako fosiletako batzuk arrezife-kareharrizko plaketan daude, eta beste batzuk, aldiz, lutitetan, margetan eta margo-kareharrietan. Fosilak in situ ageri diren estratudun edo jalkindun ustiategirik aurkitu ez dugunez, hau da, aurkitu ditugun guztiak meatzeetako hondakinen artean aurkitu ditugunez, ziurrenik, Ertxiña mendian aurkitutako meategi ugarien barrualdeetatik ateratako fosilak izango dira. Dena dela, oraindik ere, aztertu egin behar dugu aukera hori.
Fosilak, behin garbitu, zaharberritu eta finkatuta, molusku eta koral multzo desberdinetako fosil moduan identifikatu izan dira. Argazkian ageri denaren arabera, aurkitutako moluskuen artean gasteropodoen, kuskubikoen eta, ziurrenik, brakiopodoren baten fosilak ikus daitezke. Maskor batzuetan, halaber, Annelida-Polychaeta tipoko parasituen fosil desberdinak ikusi ahal izango ditugu, baita ostreidoen maskor txikiak ere. Prozesuaren parte gisa, Cassiopidae familiako gasteropodo espezie bi katalogatu ahal izan dira: Paraglauconia (Diglauconia) picteti eta Paraglauconia (Diglauconia) pradoi. Hondakin horiei esleitutako adina Barremiarra-Aptiarra da (Behe Kretazeoa), eta 125-113 milio urte dituzte. Aurkitutako beste molusku gasteropodo batzuk Naticidae familiakoak dira, Natica sp. moduan identifikatutakoak.
Orain arte, hamabi ale aurkitu dira, eta ustiategiko bigarren fosil ugariena da Paraglauconien ostetik; izan ere, talde horretako 80 fosil baino gehiago aurkitu ditugu.
Kuskubiko fosilen aleei dagokienez, Actinodonta azpiespezieko 4 ale dira, oso ziurrenik, Trigoniidae (Quadratotrigonia) familiakoak, nahiz eta, oraindik ere bi ale identifikatu gabe dauden. Beste bat Proveniella meyeri espeziekoa (Arcticidae familia) da, eta, beste bat, Pteriomorphia azpiklaseko ostreido bat, oraindik ere, bi kuskuak dituena. Haietako batek ahur forma bitxia du, eta identifikatu gabe dago oraindik.
Pteriomorphia klaseko ostreidoa |
Aizarnan aurkitutako fosilen aurkikuntzan museoarekin zerikusia duten hainbat pertsonak lagundu dute. Albiste hau egiteko fosilak eta laginak biltzen Cristina Vargasek eta Igor Lasuenek jardun eta lagundu dute. Biak ala biak museoaren ohiko laguntzaileak dira. Albistea idazten eta idazten, ordea, Jesús María Dorado biólogo eta paleontologoa aritu da, gaur egun, ornogabeei buruz, paleontologia doktoratua egiten diharduena Argentinako Kordoban. Haien laguntzarik gabe, albiste hau ez zen posible izango.
Elgoibarren, 2024ko apirilaren 26an
Bibliografia:
- https://ucmp.berkeley.edu/taxa/inverts/mollusca/mollusca.php
- https://www.molluscabase.org/
- https://www.digitalatlasofancientlife.org/learn/mollusca/
- https://www.bgs.ac.uk/discovering-geology/fossils-and-geological-time/gastropods/
https://paleobiodb.org/#/ - Knight, J. B., Keen, A. M., Moore, R. C., Yonge, C. M., Batten, R. L., Robertson, R., Cox, L. R., Ludbrook, N. H., Yochelson, E. L., & Smith, A. G. (1960). Part I, Mollusca 1, Complete Volume. Treatise on Invertebrate Paleontology. https://doi.org/10.17161/dt.v0i0.5587