1979ko Aste Santuan, Morkaiko Espeleologia Taldeak Arraztoko leizea esploratzeari ekin zionean, gure helburua ez zen bioespeleologia aztertzea. Orain ere gure helburua ez da hori, baina arreta eskaintzen diogu beti gure bidean gurutzatzen den izaki orori. Espero zitekeen moduan, barrunbera jaisten hasten ginenean, ilunantz-eremuan bizi diren izakiekin egiten genuen topo, trogloxenoekin eta troglofiloekin. Bitxia bada ere, leize honetan ikusi ahal izan ditut gure inguruko armiarmarik eta eskolopendrarik handienak. Hain juxtu armiarmaren kasuan, leizearen sarrera baino 4 metro beherago, haren hanka beltz izugarriek 10 cm baino txikiagoa ez zen zirkunferentzia bat egiten zuten. Baina eskolopendra ez zen atzean gelditzen, eta antenak eta luzakinak kontuan izanik, 10 cm-tik gorako luzera zuen.

Arraztoko leizeaArraztoko leizearen lehenengo jauzian behera, ilunantz-eremuan. Hemen aurkitu genituen barrunbeetako sarreretako guneetan babesten diren trogloxeno eta trogofilo tipikoak
Argazkia: Angel Mª Tobajas. Morkaiko Espeleologia Taldea

Bada guretzat beti harrigarria izan den zerbait: hau da, barrunbearen barrualdean inoiz ez dugu saguzarrik aurkitu, ezta guanina arrastorik ere. Hasiera batean, uste izan genuen hori gertatzen zela leizearen ahoa, urte batzuetan, itxita egon zelako; izan ere, bloke handi batzuk pilatu zituzten bertan, ondotik igarotzen zen baso pista bat egin zutenean. Baina 1979an ireki ostean, itxaropentsu geunden bat-batean leizearen galeria zabaletan barrena saguzarrak hegan ikusiko genituela uste genuelako. Hala ere, 1992an aurkitu genuen, estreinakoz, lehenengo saguzarra barrunbearen barnean, eta horrek areagotu egin zuen gure harridura; izan ere, antzinako fosilaren itxura zuen hezurdura besterik ez zen. Aspaldiko fosilaren itxura zuen, erabat kaltzifikatuta baitzegoen urrutiko galeria baten zoruan. Finean, baieztatuta gelditu zen Arraztoko leizearen lekurik sakonenetan saguzarrak egon zirela; eta, gaur egun, saguzarrik ez egoteak areagotu egin zuen gure jakinmina.

Antzinako saguzar baten eskeletoa, guztiz kaltzifikatua, Arraztoko leizeko galerietako batean aurkitua Morkaiko Espeleologia Taldea.

 

Morkaiko Espeleologia Taldea

 

Arraztoko leizea esploratzea

1979tik 1992ra bitartean, Elgoibarko espeleologoak Arraztoko leizea esploratzen eta haren topografia jasotzen aritu ginen, eta kilometro bat baino zertxobait gehiagoko ibilbidea adierazten duen planoa egin genuen.

Arraztoko leizea. Planoa

Arraztoko leizearen planoa Morkaiko Espeleologia taldea eta Leizarpe Espeleologia Taldea

profilaarrazto-leizekoa

Profila arrazto-leizekoa Morkaiko Espeleologia taldea eta Leizarpe Espeleologia Taldea

Jantokia (1979-1992)

Hamarkada bat baino gehiago jardun genuen Arraztoko leizea esploratzen, eta esplorazio haietan guztietan, leku berean jartzen genuen kanpamentu nagusia, Bidegurutzeko aretotik oso gertu, “Jantokia” ere deitu izan genion leku batean.

Santos Iñigo Torio eta Ioseba Gurutz Zabala Jantokian materiala biltzen Argazkia: Angel Mª Tobajas. Morkaiko Espeleologia Taldea

 

Jantokian atseden hartzen, Putzu Handia esploratu ondoren.
Argazkia: Angel Mª Tobajas.
Morkaiko Espeleologia Taldea

Zalantzarik gabe, Arraztoko leizea esploratzen hasi ginenetik, Jantokian igaro genituen orduak barrunbe hartan igaro genituen ordurik atseginenak izan ziren. Gainera, arreta handiz ikusi ahal izan genituen galeria zati haren xehetasun guztiak. Horri esker, konturatu ahal izan ginen ale milimetriko nimiño batzuk mugitzen ari zirela, aurreko esplorazioren batean, zoruan ahaztuta utzi genuen laranja oskol baten gainean. Berebiziko aurkikuntza izan zen eremu sakon hartan egin genuena; izan ere, argi eta garbi ikusi genuen bertan izaki bizidun txiki-txiki batzuk zeudela, eta elikatzeko, materia organikoaren arrasto txikiena ere probesten zutela. Hala ere, geure buruari galdetu genion ea nola lortu zuten laranja oskol xinple bat aurkitzea erabateko iluntasunean eta, haien tamaina hutsalarekin alderatuta, hain handia zen leku batean. Bi aldiz pentsatu ere egin gabe, izaki nimiño haiek gainean zituen laranja oskola hartu, buzoaren patrikan neraman petaka-linternari pila kendu, eta barruan sartu nuen. Ondoren, erretxin gardenean inklusioak nola egiten diren praktikatzen ari nintzenez, erabaki nuen hura izango zela Arraztoko leizean bizi diren kakalardotxoak kontserbatzeko eta haien lekukotza jasota uzteko metodorik hoberena.

Arrazton jasotako kakalardoak sartuta dauden erretxin gardenean egindako inklusioan ikusi daitekeenez, haietako sei, espezie berekoak dira, eta haien gorputzek 2 mm eskaseko luzera dute. Erdian kakalardo luzeago bat ikusten da, gutxi gorabehera, 4 mm luze dena.

Erretxin gardenean egindako inklusioa, Morkaiko Espeleologia Taldeak, 1979an, Arraztoko leizeko Jantokiaren inguruan jaso zituen 7 kakalardoak dituena MUFOMI (Elgoibarko Fosilen eta Mineralen Museoa)

Kakalardo txiki hauei buruzko informazioaren bila aritu ostean, ondorioztatu ahal izan dugu 6 kakalardo txikienak Quaestus (Quaesticulus) generokoak direla, harpeetako koleoptero txikiak (troglobioak), materia organiko oroz elikatzeko asmotan, talde txikietan agertu ohi direnak. Arraztoko leizearen kasuan, Quaestusek gorputza guztiz ovoidea dute, 2 mm-ko luze dena, baina ezin izan dugu haien espeziea zehaztu, eta jadanik katalogatuta dagoen ere ezin izan dugu jakin.

Arraztoko leizeko Quaestusa, 2 mm luze dena. MUFOMI (Elgoibarko Fosilen eta Mineralen Museoa)

Quaestusekin batera, Arraztoko leizean bildu genuen zazpigarren koleopteroari dagokionez, antzematen dugu gorputza handiagoa eta luzeagoa dela, nahiz eta, 4 mm eskas neurtzen duen. Ondo bereizitako 3 atal ditu, baina ez dugu haren ezaugarriekin bat datorren informaziorik lortu. Gure ustetan, harpeetako estafilinido txiki bat da (Staplylinidae), baina ezin izan dugu haren espeziea zehaztu. Quaestusekin batera bizi den ere ez dakigu, baina haien ohiturek antzekoak dirudite.

Eskuinean, Arraztoko leizeko estafilinidoa izan daitekeena (goitik begiratuta).

 

Ezkerrean, Arraztoko leizeko estafilinidoa izan daitekeena (behetik begiratuta). MUFOMI (Elgoibarko Fosilen eta Mineralen Museoa) Angel María Tobajas, Morkaikoko Leizarpe Espeleologia Taldea (2020-XI-22)

Angel María Tobajas, Morkaikoko Leizarpe Espeleologia Taldearen testua. Argazkiak: © Angel María Tobajas, © Mufomi