Gaur egun, Elgoibarren, meatzaritzaren arloko lantoki bakarra dago jardunean: Aizkoltxia harrobia da, aire zabaleko ustiategia, kareharrizko agregakinak ateratzen diharduena, eta zementua, harea, hartxintxarrak eta harri-lubetetarako eta eustormetarako haitzak ekoizten dituena.
Arriaga auzoan dago, eta Momiola mendiaren hegoaldeko hegalean, izen bereko baserriaren ondoan, aritzen da lanean. Seiehun metro baino gehiagoko sakonera eta laurehun metro baino gehiagoko zabalera du, eta berrehun metroko garaiera gainditzen du. Berrehun urte baino gehiagoan, berrogeita zortzi milioi metro kubiko kareharri erauzi dizkio mendiari. Elgoibarren, Aizkoltxia harrobiak Momiolako kareharri arrezifalak ustiatzen ditu, duela mende askotatik hona; izan ere, hainbat dokumenturen arabera, XVIII. mendean ba omen zen beste harrobiren bat kareharri hauek berauek ustiatzen aritzen zena. Dokumentazio horretan Elgoibarko parrokiaren eraikuntza ere aipatzen da; izan ere, XVIII. mendean eraiki zen, “Maniola” edo “Momiola” harrobiko kareharriarekin.
Berrogei urte baino gehiago dira meatzaritzako lanak ikertzen eta ikuskatzen dihardugula; izan ere, aukera paregabea eskaintzen digute lurrazpian ezkutuan dauden mineralizazioak ikusteko eta ezagutzeko. Oso garrantzitsua da azpimarratzea ustiategi hori izan ez bagenu, inoiz ez genituzkeela horren sakonki eta sistematikoki ezagutuko mineral eta formazio geologiko ugari horiek. Oso interes handikoak dira, eta batzuk, gainera, mineralogiaren ikuspegitik, bakarrak eta oso arraroak. Aurreko erreportajeetan hitz egin izan dugu, ziurrenik, goi kretazearrean, duela 70 milioi urte inguru, urpean gertatu zen erupzio baten ondorioz sortu zen dike basaltikoari buruz. Dike horrek, orain dela 100 miloi urte, behe kretazearrean, sortu zen kareharria eta haren adarretako batzuk zeharkatzen ditu. Dena dela, ez diogu dikea aipatzeari utziko, zoriak aukera eskaini baitigu gertaera honi loturiko mineral ugarien sorrera bultzatu zuen gertakari geologikoa aztertu ahal izateko; izan ere, dike basaltikoak kareharria herrestan eraman zuen haren barruan sartu zenean, eta, horrela, bigarren mailako materialak sortu ziren. Sortzeko unean izan ziren bero eta presio handien ondorioz, aldatu egin zen dike basaltikoaren inguruan edo ondoan zeuden mineralen morfologia, eta metamorfizatu ondoren, mineral berriak sortu ziren.
Dike basaltikoaren mineralizazioak
Argazkian dike basaltikoaren zati bat ikusi dezakegu, barruan kaltzita kristalizatua duena. Irudi didaktikoan ikusi dezakegunez, kaltzita zuriaren kolorea aldatu egiten da basaltoari hurbiltzen zaion heinean; izan ere, presioaren eta tenperaturaren ondorioz, kolorea beltz bihurtzen da. Kolore hori oso bitxia da mota honetako mineralentzat. Baieztatu dezakegu horrek apartekoa bihurtzen duela mineral hori; izan ere, arraroa da erronboedro perfektuetan kristalizatutako kaltzita beltza aurkitzea. Haren konposizio kimikoan burdin eta magnesio kantitate handiak aurkitu ditzakegu, baita estrontzio aztarnak ere. Shamanita izeneko kaltzita mota honen ondoan, kolore ugari aurkitu ditzakegu: anbarra, zuria eta margula (Islandiako espatoa), baita askoz bitxiagoak diren beste kolore batzuk ere, hala nola, kloratitan aurkitzen dugun kolore berdea, kloratitari kolore hori ematen diona. Baina dike basaltikoari loturiko harri sedimentarioak ez ezik, harri metamorfikoak ere baditugu, hala nola, marmola. Kareharria, presio eta tenperatura handien ondorioz, marmol bihurtzen da, askoz ale finagoa eta gogorra duen karbonatoa. Harrobian, dikearen ondoan, purutasun eta tamaina handiko bloke handi batzuk aurkituko ditugu, horietako batzuk lau tonatik gorakoak.
Silikatoak ere ageri dira. Horietako batzuk tipikoak eta ohikoak dira, hala nola, kaltzitari, kloritari eta basaltoari loturik dagoen kuartzoa. Horretaz gain, asbesto desberdinak aurkitu ditzakegu, adibidez, tremolita. Baliteke riebeckita ere ikustea, amianto urdina izenez ezagunagoa dena; eta azkenik, nola ez, basaltoa bera, harri bolkaniko nagusia, basaltoa harri igneo ohikoena baita lurrazalean. Aizkoltxia harrobiko basalto intrusiboari buruzko bitxikeriaren bat azpimarratzekotan, esan dezagun, ebaki berri edo fresko dagoenean, kolore berde bizia duela eta oso gogorra dela. Hala ere, denboraren poderioz, meteorizatu eta izugarri eraldatzen da, eta narriadura oso handia izan ohi du. Hori dela eta, marroi koloreko itxura lurkara eta ahula hartzen du. Batzuetan, burdinarekin eta piritarekin (S2Fe), sulfuroen taldeko mineral batekin, elkarturik agertzen da. Mineral hau oso ohikoa da; izan ere, haitz igneoetan, sedimentarioetan, metamorfikoetan eta jatorri hidrotermaletakoetan sortzen da.
Ustiategiko beste mineral batzuk.
Harrobian, kareharriz osaturiko masa nagusiaz gain, haitzulo ugarietan, arestian aipatu ditugun kaltzitak edo kaltzio karbonatoak ikusi ahal izango ditugu, forma eta kolore ugaritakoak. Marmola eta aragonitozko formazioak edo espeleotemak ere aurkitu ahal izango digugu, baita smitsonita moduko beste karbonato batzuk ere. Horretaz gain, oxido, hidroxido eta sulfuro formako burdin mineraleak izango ditugu ikusgai masa handitan, esaterako, limonitak, goethitak, sideritak eta piritak. Horietako askok hainbat dezimetrotako potentzia dute, eta edertasun eta ikusgarritasun handiak ematen dizkieten kaltzita zuriekin batera ageri dira. Horretaz gain, esan dezakegunez, elementuei dagokienez, azpimarragarriak dira magnesioa, manganesoa, zinka, estrontzioa, burdina, kaltzioa, e.a. Horiek agerian uzten dute meategi horretako mineralen aberastasuna.
Mineralei buruzko informazio gehiago, esteka honetan: Mineralak