Elgoibarko fosilen eta mineralen Museoak, Mufomik, webgune berria aurkeztu du, erabiltzaileak museoan dauden pieza asko eta asko ikusteko aukera izan dezan eta bertan dauden agirietarako eta jardueretarako sarbidea izan dezan; izan ere, horri esker, museoa online ikusteko esperientzia hobea izango da.

Aurten, 2020ko maiatzean, Mufomiren inaugurazio ofizialaren 26. urteurrena bete den honetan, sarean dugun presentzia eguneratzea erabaki dugu. Gure ustez, funtsezkoa da museoak sarean ere egotea, erabiltzaileek, ikertzaileek eta laguntzaileek erakunde hauetara Internet bidez sartzeko aukera izan dezaten.

Gure historiaren 26 urte hauetan, paleontologia eta mineralogia zabaltzeko kultura- eta hezkuntza-lana egin dugu, batez ere. Mufomik, bestalde, museoaren inguruko beste eskaintza batzuk ere egiten ditu, hala nola, teknikaren bilakaerari, malakologiari, meatzaritzari, arkeologiari eta museoko dibulgazio-eskaintza osatzen duten beste zientzia batzuei buruzkoak, hain zuzen ere, beira-arasetan ikus ditzakegunak. Horretaz gain, espeleologia-lanekin bateratzen ditugun landa-irteerak eta ikerketak ere egiten ditugu. Irteera horietan laginak biltzen ditugu, gure interesekoak diren lekuak eta aztarnategiak aurkitzen ditugu, gero ikerketak, azterlanak eta argitalpenak egin ondoren, lan horien emaitzak islatzeko.

Mufomik hainbat urte eman ondoren bere fondoetan eta beira-arasetan gordetzen duenaren erakusleiho eta erakusgarri izan zitekeen webgunerik izan gabe, gaur, atsegin handiz jakinarazten dizuegu webgune berria martxan dagoela Mufomi.org helbidean, eta une honetatik aurrera, bertara sar zaitezketela. Webgune berriak hainbat helburu ditu: erakundearen irudi korporatiboa hobetzea, funtzionaltasun handiagoa izatea, museoaren eta erabiltzaileen arteko komunikazio arina eta diseinu erakargarria edukitzea, informazioa pertsona gehiagori zabaltzea, ondarea eta jarduerak zabaltzea, eta irudi interaktiboez baliatuta, instalazioak ikusteko bisita birtuala egitea.

Webgune berriaren bidez, aldizka, albisteen orrialdean aurkeztuko ditugun nobedadeen eta azterlanen berri eman ahal izango dugu, museoan sartu diren pieza interesgarri berriak, museoaren espazio berriak… Gune horietako batzuk inauguratzear daude, hala nola, kobazuloak eta leizeak birsortzeko aretoak, espeleotema mota desberdinak agertzen diren labar-pinturen interpretazioak eta gure arbasoen bizitzeko modu eta ohiturak, hori guztia behar bezala girotuta eta birsortuta.

Webgune berria erabiltzailearen esperientzia hobetzeko lehen urratsa da. Laster gure webgunea euskaratzea espero dugu, Euskadiko aniztasun soziolinguistikoa kontuan hartuta. Pozarren jasoko ditugu webgune berriari buruz egin nahi dizkiguzuen iruzkinak, iradokizunak edo kritikak.