Albiste honetarako, Extremadurako mehatze eta mendietako abenturetan lagun eta bidaide leial izan dudan eta etorkizunean paleontologian doktore izango den Jesus Maria Dorado paleontologo estreinatu berriaren laguntza eta lankidetza ordainezinak izan ditut. Espero dugu, erreportaje honetan ez ezik, prestatzen ari garen albisteetan ere haren laguntza izatea. Museoan, zorionez, antzinako animalia bikain hauen ale batzuk kontserbatu eta ikusgai jarri ahal izan ditugu. Hain zuzen ere, 5 generotako 7 ale ditugu kontserbazio egoera onean.

Zer dira anfibioak?

Amphibios” hitza grekeratik dator. “Amphi” (biak) eta “bios” (bizitza); izan ere, uretako nahiz lehorreko bizimodura egokituta dauden animaliak dira. Oro har, gaztaroko fasea uretan bizitzen dute, helduaroan, berriz, lehorrean bizi izaten dira, metamorfosi prozesua egin ondoren. Bizi diren ingurunearekiko harremanaren ondorioz, bi arnasketa sistema izango dituzte bizitza guztian: bata, zakatz-arnasketa (zakatzen bidezkoa), eta bestea, birika-arnasketa (biriken bidezkoa). Espezie batzuek azalaren bidez ere hartu dezakete arnasa!

museoko anfibioak fosilak

Sclerocephalus haeuseri, Behe Permiarreko temnospondiloa (298’9 – 290’1 milioi urte) Pfalz, Alemania. Fosilaren tamaina: 33 X 6 cm. MUFOMI.

Anfibioen bilakaera

Anfibioak tetrapodo antzinakoenak dira, hau da, lau gorputz-adar dituzten animalia antzinakoenak. Dakigunez, antzinako animalia horiek izan ziren lurra kolonizatu zuten lehengo ornodunak; izan ere, eboluzionatu egin zuten eta, arrainen hegatsetatik, gorputz-adarrak sortu ziren.

Goi Devoniarrean agertu ziren erregistro fosilean, duela 370 milioi urte inguru, baina, oraindik ere, uretan bizi dira, eta, noizean behin, lehorreratu egiten dira. Hori jakinekoa da aurkitu ditugun fosilek, besteak beste, honako ezaugarri hauek dituztelako: igeri egiteko baliatzen zuten itsas-hegala, helduaroan urpean arnasa hartzeko zakatzak eta alboko lerroa izeneko zentzumen sistema, arrainen artean ere agertzen dena. Gainera, eskuak eta oinak zapalak dira, eta egokiagoak dira igeri egiteko ibiltzeko baino. Horretaz gain, gerriak eta hezurrek ez diete aukerarik ematen euren gorputzaren pisuari luzaroan eusteko.

museoko anfibioak fosilak

Discosauriscus pulcherrimus, Behe Permiarreko tetrapodomorpha (298’9 – 295’5 milioi urte), Alemania. Fosilaren tamaina: 20 X 5 cm. Argazkia (MUFOMI).

Lehorrera egokitzeko prozesua egitean, arrunki tetrapodo basal deitzen zaienek gorputz-atal indartsu eta sendoagoak garatu behar izan zituzten, gorputzaren pisuari eutsi ahal izateko. Horretaz gain, arnasketa sistema berriak garatu zituzten, eta, larba-egoeran zakatz-sistema izatetik, helduaroan birika-sistema izatera igaro ziren. Era berean, elikadura-sistema berriak garatu zituzten uretakoa baino ingurune lehorragoan elikagaiak irensteko. Beste zentzumen sistema berri batzuk ere garatu zituzten, hala nola, tinpanoa.

Karboniferoan agertu ziren, helduaroan, lehorrean bizi izateko gaitasuna izan zuten estreinako tetrapodoak, hain zuzen ere, duela 350 milioi urte inguru. Garai hartan, kontinenterik gehienak Pangea izeneko superkontinentea sortzeko elkartzen ari ziren, eta iratze zuhaitzez osatutako baso tropikalen sail handiak zeuden. Garai hartan dibertsifikatu ziren tetrapodo basalak, eta hainbat talde sortu ziren: hala nola, Temnospondiloak, Karboniferoko talde ohikoena, gaur egun, Amphibia taldearen parte direnak. Talde honetakoak dira museoan kontserbatzen diren anfibioen hondakin fosil gehienak (Sclerocephalus haeuseri, Apateon pedestris eta Branchiosaurus sp.).

Apateon pedestris, Behe Permiarreko temnospondiloa (≈ 290 milioi urte), Alemania. Fosilen tamaina: 6 X 2 cm. MUFOMI.

Egungo anfibioak (igelak, arrabioak, uhandreak eta zeziliak), modu zientifikoan lisanfibio izenez ezagutzen direnak, aro Paleozoikoaren bukaera aldera agertu ziren, seguruenik, Permiarrean. Hipotesi nagusia da temnospondiloetatik eboluzionatu zutela, baina ez daukagu behar adina froga hori guztiz baieztatzeko. Hori da gaurko egunera arte iraun duen anfibio taldea. Bufo linquensis igelaren fosila, Txinako Behe Miozeno garaikoa, talde horren ordezkari da museoko bilduman.

Bufo linquensis, behe miozenoko igela (20’44 – 15’97 milioi urte), Shandong, Txina. Fosilaren tamaina: 8 X 2 cm. Argazkia (MUFOMI).