Azkenaldian, gugandik hurbilen dauden meategiak esploratzeko eta ikertzeko lan atseginari heldu diogu berriro ere, gure lagun, kide eta laguntzaile den Igor Lasueni esker. Bere jakinminari eta abentura gogoari esker, mineral berriak aurkitzen eta museoko beira-arasetan ikusgai ditugun mineralak hobetzen ari gara.

Garroko meatzeak dira, guretzat, meategirik enblematikoenetakoak. Dena dela, ia ezezagunak dira mineralen bildumak egiten dituztenentzat.

Laminarteko errekak sortutako haran estu eta ilun batean daude, Etxebarria udalerriko Garro baserriaren azpian, nahiz eta, geografikoki, Elgoibarko Aiastia (San Migel) auzotik oso gertu egon.

Oraingo egoera

Garroko meatzeek, ziurrenik, nolabaiteko garrantzia izango zuten haien garairik onenetan. Hala ere, gaur egun ia ezinezkoa da nolakoak ziren jakitea; izan ere, izugarri eraldatuta daude naturaren eta euri jasa bortitzen ondorioz, malda eta estutasun handiko haran batean sarturik.

Gaur egun, bi meatze-aho ikus ditzakegu, oso sarrera zailekoak, errekaren ezkerreko bazterrean, amilburu baten gainean. Hurrenez hurren, 13 eta 16 metroko galeria batzuetara sartzen da handik, eta horietako batean, gaur egun ere, antzinako egurrezko zurkaitza gordetzen da.

Garroko meatzeak

Beheko meatzea, amilburuan meatzariek egindako lana lana ikus dezakegu

Horretaz gain, aire zabalean egindako munta gutxiko lan batzuk ikusi ahal izango dugu, baita errekaren ibilgua desbideratzeko egin ziren zangak, ziurrenik meatzeetako minerala garbitzeko erabili zirenak, eta, aurrerago azalduko dugun moduan, trenbidearen lubakiekin zerikusia ere izan dezaketenak. Halaber, errekaren ezkerreko ertzean, galeria txiki bat dago, garai batean, bolborategi gisa erabili zena. Eskuin aldean, berriz, tamaina nahiko handiko eraikin bat, meatzariek etxe moduan erabiltzen zutena, orekari ezin eutsirik, harkaitzez egindako amilburu baten gainean. Bestalde, eite oneko txabola bat dago hormigoizko sabaiarekin eta meatzeetako errailez egindako armadurarekin. Barrualdean elektrizitate sorgailu hidrauliko bat dago egoera onean, ura hartzeko sarrera eta hustubidea dituena. Gorago, txabolatik dozenaka metrora, bada ur biltegi bat edo, ziurrenik, hidrofugoa izango den hormigoi mehezko hormak dituen urtegi bat. Urtegia, sorgailua bertako uraren indarraz elikatzen zuena, hogeita hamar metro luze izango da gutxi gorabehera. Horretaz gain, hainbat hondakindegi ikusi ahal izango ditugu ibaiaren bi ertzetan, baita ibilguaren erdian ere.

Garroko-meatzeak

Goiko meatzea, urrunean egurrezko zurkaitza ikusi ahal izango dugu

Garroko meatzeen historia

Atsegin handiz, Venancio Oñederra Ansolak, Garro baserriko jabeak eta aspaltitik bertan bizi zenak, istorio, kontakizun eta oroitzapen ugari kontatu zizkigun bere etxe ondoko meatzeei buruz. Venanciok gogoratzen duenez, Laminarteko errekaren ezkerreko ertzean, bazen meatze txiki bat, langileek bolborategi gisa baliatzen zutena, meatzean erabiltzen zituzten lehergailuak gordetzeko. Horrek adierazten zuen ustiategiak nolabaiteko garrantzia zuela. Horretaz gain, gogoan ditu ezkerraldean zeuden bi meatze txikiak. Horiek dira gaur egun ikusi daitezkeenak. Mendian gora, ibaiaren eskuinaldeko ertzaren ondoan, beste bi meatze gogoratzen ditu. Horiek arestiko lerroetan aipatu ditugunak baino dezente handiagoak ziren. Bestalde, beste bi meatze zeuden eskuineko ertzean, oraindik ere zutik dirauten bi meatze txikien parean. Horien azpian, ibaiaren ibilguan bertan, gaur egun ur-jauzi txiki bat dagoen lekuan egongo zen meatzerik handiena. Baliteke putzu bertikal baten eitea izatea, eta uste dugu, garai batean, desbideratu egin zutela ibaiaren ibilgua. Venanciok aditzera eman digun beste datu bitxi bat izan da errekaren zati batzuk egurrez estalita zeudela, agian, ibiltzeko hain zaila zen leku estu batetik erosotasun handiagoz igaro ahal izateko. Oso gogoan du trenbideak eta bagonetak zeudela mineralak eta hondakinak ateratzeko; izan ere, meatzea itxi eta urteetara errailak erabili zituzten zenbait eraikin egiteko. Horrek sendotu egiten du meatzeen garrantziari buruz daukagun ustea. Horrek adierazten digu meatzarien etxeak, eskuinaldean dagoenak, gutxi gorabehera, 20 langile hartzeko lekua zuela; eta etxe horretatik gertu, txabola bat zegoela, barruan elektrizitate sorgailu elektriko bat zuena, hain zuzen ere, meatzaritzako lanak egiteko erabiltzen zena. Sorgailua mendiaren maldan zegoen urtegi txiki batean biltegiratuako urarekin elikatzen zen. Gainera, ubide bat zegoen errekako uren parte bat desbideratu eta biltegia bete ahal izateko. Venanciok dioenez, meatzea itxi ostean, sorgailu honek inguruko zazpi baserritara eramaten zituen urak. Horrek adierazten digu zer nolakoa zen sorgailu horrek zuen potentzia.

Bitxikeria gisa, Venanciok gogoan du nola suntsitu zen meatzea 1953. urteko urriaren 14an. Egun hartan, uholde katastrofiko batzuek Gipuzkoako zati handi bat kaltetu zuten, eta milioi askotako kalteak eragin zituzten, baita 27 pertsonaren heriotza ere. Horietatik 22 hil ziren uholdeak, Zestoan, autobus bat eraman zuenean. Leku batzuetan, 300l/m2 baino gehiagoko erregistroak jaso ziren; eta horren ondorioz, lokatz, harri eta ur jasa izugarria izan zen Laminarteko errekan. Hori zela eta, suntsitu egin ziren meatzeetako instalazioak. Instalazio horiek ezin izan zuten jarduerarekin jarraitu; izan ere, dirutza izugarria behar zen ordutik hona abandonatuta dauden instalazioak berreskuratzeko.

Venanciok kontatu digun beste gertaera bitxi bat da, Garro baserrian, barrenari ospetsu bat jaio zela Domingo Barinaga-Rementeria Urkiola izenekoa (Txomin Garro edo Txomin Barinaga izenez ezaguna). Egiaz, 1870. urteko urriaren 1ean jaio zen pertsonaia xelebre hori Etxebarrian, Bizkaian, Garro baserrian. Hortik datoz goitizenak (Garro edo Txomin Garro).

Domingo, barrenari bikaintzat hartu zuten bere garaian, barrenatzeko barra erabiltzeko zuen trebezia eta abildadeagatik. Abanto-Zierbenako la Barga auzoan eta Sopuertako Alen auzoan bizi izan zen, eta hango meatzeetan lan egin zuen. 36 urte zituela hil zen, 1906ko maiatzaren 20an, egonezinaren ondorioz, eztanda egin gabe zegoen lehergailu batera hurbildu baitzen, Alen mendiko Amalia Juliana meatzean, Sopuertan.

Euskal Genealogien artxibo historikotik ateratakoa:

XIV.- Domingo Barinaga-Rementeria Urkiola, 1970-X-1ean jaioa Etxebarriako (Bizkaia) elizatean. San Andres egunean bertan bataiatu zuten, herrian zegoen parrokia bakarrean, Bizkaiko Enkarterrietan bizi izan zen. Enkarterrietan, hau da, Gallartan, Domingo Barinaga-Rementeria Urkiola, Txomin Garro izenez ezaguna, meatzaria izan zen, meatzaria besterik ez. Bere jaioterri bukolikoa, Etxebarria, utzi eta bizimodua irabazteko, bizitza ahitu eta arriskuan jarri zuen Enkarterrietako meatze ilunetan. Oso gazte zela hil zen, hogeita hamasei urte zituela, lehergailu batek eztanda egin ostean.

Miquel Blay Gironako artista entzutetsua, batez ere, marmolezko, granitozko eta brontzezko eskultura handi eta ikusgarriengatik izan zen ezaguna, eta bere lanek arrakasta izan zuten Bartzelonan, Madrilen, Montevideon, Buenos Airesen eta beste hainbat lekutan. 1903an lan handi bat inauguratu zuen Portugaleten, Victor Chavarri industrialari eta ingeniari ospetsuaren omenez. Lan horri esker, lehenengo urrezko domina irabazi zuen Pariseko nazioarteko erakusketan, 1905ean.

Silvano Fernandez (olagizona) eta Txomin Garro (meatzaria) BARINAGA-REMENTERIA URKIOLA, DomingoVictor Chavarriren monumentua, Portugalete. Silvano Fernández (metalurgikoa) eta Txomin Garro (meatzaria).

 

Txomin Garro. Barrenaria Gallartako meatzeetan, Etxebarrian jaioa (Bizkaia). XX. mendearen hasieran, Miguel Blay Gironako artistak betikotu egin zuen. Langile bi islatu zituen, meatzari bat (Txomin Barinaga) eta olagizon bat (Silvano Fernandez), Victor Chavarriren omenez Portugaleten jarri zuen monumentuan.

Chavarriren brontzezko bustoak osatzen du eskultura hori, eta, azpian, Carrarako marmol bloke izugarri bat du eta granitozko oinarri bat, non herriaren tradizioari loturiko bi irudi ikusi baitaitezke: barrenari bat (Txomin Garro) eta olagizon bat (Silvano Fernandez). Eskultura honi esker, Miquel Blay artistak Lehenengo Urrezko Domina irabazi zuen, Pariseko Nazioarteko Erakusketan, 1905. urtean.

Argazkian (Gorrotxategi familiaren artxiboa), meatzari eta militar batzuk ikus ditzakegu Amalia Juliana meatzean, 1906an. Urte horretan hil zen Domingo Barinaga-Rementeria Urkiola barrenaria, maiatzaren 20an, lehergailu baten eztandaren ondorioz. Aurrean, makila eta txapela dituela, Julianon Gorrotxategi ageri da, meatzearen jabea eta Txomin Garroren ugazaba. Zoritxarreko egun hartan, Txomini eusten ahalegidu zen, azken lehergailuak eztanda egin arte zain egon zedin.

Interneten jasotako Informazioa euskalnet/Laviana/ genealogías vascas webgunean.

Aurki (2005), ehun urte beteko dira Domingo hil zela, baina Domingok, meatzari soila izan zenak, bizirik dirau eta bizirik iraungo du beti; hora hor, Portugaleten, Victor Chavarriri eskainitako eskultura taldean betikoturik.

Garro baserria, Txominen jaiotetxea, Etxebarriako elizatean dagoena, 1704. (jabea eta maizterra, Juan Garro), 1745. (jabea Domingo Garro, eta maizterra, Antonio Garro) eta 1796. (Jabea eta maizterra, Francisco Loiola) urteetako fogerazioetan ageri da. Garro hitzaren balizko etimología izan daiteke hauxe: Garro, garra dagoen lekua. Gar=llama gehi –o atzizkia = lekua.

1900. urtean, Portugaleteko Udalak monumentu bat eraikitzea erabaki zuen portugaletetar ospetsua izan zen Victor Chavarriren omenez. Miguel Blay Gironako artistari agindu zitzaion lana. Hernández Gallejonesen iritziz, eskultura talde hau da, gaur egun (2005. urtea), Portugaleteko monumenturik garrantzitsuena.

“1901eko martxoan –paragrafo hauek “Personajes de Portugalete” lanetik hartu ditugu-, Areetan zuen estudioan, artistak artelanaren bozetoa erakutsi zien gure agintari nagusiei, eta monumentuko aurpegia aipatzean, blokearen oinetan, honako hau adierazi zien:
“Bi langilez osatutako talde bat jarri dut, inguru adoretsu eta neurritsua duena. Horietako bat fabrikako langilea da, eta bestea, meatzeetakoa. Biak daude atseden-jarrera noblean. Brontzezko talde honek gizontasuna emango dio monumentuaren taldeari”.

“Victor jaunaren bustoa zizelkatzeko, ahalik eta informazio gehien jaso zuen haren nortasunari eta itxurari buruz, eta langile bikotea egiteko gure bi pertsonaiez baliatu zen: Gallartako meatzaria eta Sestaoko olagizona.

“Lehendabizikoa, barrenaria, Domingo Barinaga-Rementeria zen. Garro edo Txomin Garro deitzen zen, Etxebarriako Garro baserrian jaio baitzen. Gallartako meatzeetan, bere garaiko barrenari puntista hoberena izan zen. Estatuari begiratuta haren garaieraz jabetzen bagara ere, gertakari honek bere indarraren berri emango digu: La Bargako meatzeetan, istripu baten ondorioz, begi bat galdu ostean, oinez joan zen Trianoko ospitaleraino, non, irmoki jasan zuen Areilza doktoreak egin zion ebakuntza.

“Garrok Gorrochategui familiarentzat jardun zuen lanean Gallartan, eta familia Sopuertako Alen meatzeetara joan zenean, eurekin eraman zuten. Zorigaiztoko egun batean, Amelia Juliana meatzean lehergailuen metxak piztu ondoren, Garro enpresariaren ondoan zegoen, etxe bateko eskailerapean gorderik, leherketak zenbatzen. Lehergailu bakar bat gelditzen zen eztanda egiteko, eta Garro gero eta urduriago jartzen ari zen, Gorrochateguik lasai egoteko aholkatzen zion arren. Urduritasunari eutsi ezinik, lantokira hurbildu zen, eta lehergailuak eztanda egin eta bete-betean harrapatu zuen”.

Arestiko paragrafoan aipatzen den zoritxarreko egun hori 1906ko maiatzaren 20a izan zen. Olabarrietako (Sopuertako kontzejua) Parrokian aurkitu dugun Domingoren heriotza-agirian esaten denez “1906ko maiatzaren 21ean, behean sinatzen dudanak, Santa Kruz parrokiako presbiteroak, Domingo de Bariñaga y Urquiolaren (sic) gorpua parrokiako elizan ehorzteko agindua eman nuen. Domingo, Miguelen eta Maria Andresaren 36 urteko semea, ezkongabea… atzo hil zen, heriotza bortitz batean, arratsaldeko lauretan, burmuinean eta biriketan izan zituen lesio hilgarrien ondorioz, medikuaren egiaztagiriaren arabera…”

Sopuertako Erregistro Zibileko heriotza-agirian ere Bariñaga dago idatzita, Barinagaren ordez, Txominen lehenengo abizen moduan. Bertan adierazten da, heriotza eragin zuen istripua “arratsaldeko hiruretan gertatu zela Amalia Juliana meatzean”.

Laminarteko erreka, meatzeko erreka edo lamien erreka

Garroko meatzeen beste gauza harrigarri bat da meatzeak zeharkatzen dituen eta, azkenean, meatze horiek suntsitu zituen errekaren izena: Laminarteko erreka. Ez dago izen hori daraman beste ibairik edo errekarik Euskal Herri osoan. Baliteke keinu bat izatea, gaztelaniaren eta euskararen arteko nahastea, gure ustetan, “errekako meatzea – meatzeko erreka” esanahia izan dezakeena.

Garroko meatzeak

Garroko meatzarien etxea. Etxearen azpian, Laminarteko erreka, egon daitekeen leku ilun eta beldurgarrienetako bat, lamientzako bizitoki aparta

Ez dakigu noiz hasi ziren Garroko meatzeak ustiatzen. Kasu horretan, izena oso antzinakoa baldin bada, ezin izango die meatzeei aipamenik egin; izan ere, garai haietan, ez zegoen meatzerik. Beraz, baliteke izen horrek erreka-lamiei erreferentzia egitea.

Lamiak edo laminak euskal folklorearen izaki mitologikoak dira. Izen hori grekerako lamiatik dator. Lamia greziarrak izaki gaiztoak eta arriskutsuak badira ere, hemengo lamiak onak eta atseginak dira batez ere (gizakiei laguntzen diete dolmenak eta zubiak eraikitzen). Kobazuloetan, ibaietako urloetan, iturburuetan, urmaeletan eta putzuetan bizi dira, ia beti urarekin harremanetan. Hiru lamia mota daude, haien bizitokiaren arabera: itsaslamiak itsasoan bizi dira, eta emakume gorputza eta arrain isatsa duten sirenen antzekoak dira; mendilamiak ahuntz hankak dituztenak eta kobazuloetan bizi direnak; eta errekalamiak, ibaietan bizi eta ahate hankak dituztenak.

Lamiek ilea urrezko orraziarekin orrazten igarotzen dute eguna, euren buruari eskuko ispilu baten bidez begiratzen dioten bitartean. Haiei buruzko ipuin eta kondaira ugari daude, eta gehienak eredugarriak eta moralizatzaileak dira. Ezinezko amodioari, lanari eta gizonek lamiei egiten dizkieten mesedeei buruzkoak dira. Horretaz gain, istorio horiek diotenez, lamiek objektu baliotsuak ematen dizkiete gizonei sari gisa edo egia bihurtzen dituzte haien desio eta ametsak. Lamiek gizonak behar dituzte umeak sortzeko, eta emaginak, erditzeko. Ikaragarriak dira haserretzen direnean, orrazi baliotsuak lapurtzen dizkietenean edo haiengandik zerbait lortzeko, batzuetan trikimailuak erabilita, eurak engainatzen saiatzen direnean.

Arrasateko lamia, tradizioak dioenez Kobaundi haitzuloan bizi zen

 

Garroko meatzeetako mineralak

Nabarmendu dezakegunez, Garroko meatzeetan harririk ohikoenak dira kuartzo masiboa, eta bereziki, basaltoa eta lutita. Bitxikeria gisa, ikusi ahal izango dugu basaltozko eta lutitazko gune harritsu batzuek kuartzozko banda finak dituztela, eta nolabaiteko erliebea duten septaria atipikoak sortzen dituztela, higadura diferentzialaren ondorioz. Horretaz gain, kuartzo batzuk aurkitu dira basalto alpinoaren gainean, ale zentimetriko batzuekin ongi kristalizaturik. Harkaitzez osatutako hormetan, burdin oxidozko eta esfaleritazko (blenda karamelizatua) zain batzuk ikusi ahal izango ditugu. Bestalde, meatzeen barrualdean, karbonatozko lore txikiak ikusi ahal izango ditugu, ziurrenik, kaltzitazkoak edo aragonitozkoak. Bestalde, mineral horrekin berorrekin edo zerusitarekin osatutako zarakar konkrezioak ere aurkitu ahal izango ditugu.

Meatzeetako hondakindegietan galena argentiferozko (berun sulfuroa + zilarra) ale on batzuk aurkitu ahal izango ditugu, ia beti blenda karamelizatuzko esfaleritarekin (zink sulfuroa) batera. Horretaz gain, kalkopiritaren (burdin bisulfuroa eta kobrea) aztarnak aurkituko ditugu. Era berean, lagin batzuetan patina zuri arin bat ikus daiteke, gure ustetan, zerusita izan daitekeena UVA izpien argitan jarri ostean duen fluorezentzia arinarengatik.

Garroko meatzeetako bioespeleologia

Harrigarria bada ere, bizitza lekurik antzu eta zailenetan agertzen da. Eguzki izpirik gabe, hezetasun handiarekin, eta elikagai izango den materia organikorik gabe, behin eta berriz ikusten dugu gure inguruko meatzeak organismo espezie askorentzako habitata direla.

Lehenik eta behin, oinarrizkoenak ditugu, hau da, goroldio eta likenak, ekosistema honetan hazteko beharrezkoa duten hezetasuna eta freskotasuna lortzen dituztenak. Bigarrenik, itxura harrigarriko perretxiko eta onddo lirainak, kolore bitxikoak eta ukitzean gelatinazkoak ematen dutenak, haitzuloetako baldintza berezietara egokitzen diren landareak, intsektuen klaseko artropodo sorta aberatsa. Araknidoak, krustazeoak substratuaren eta haitzen azpian ezkutatzen diren zizareak eta anelidoak ere meatze eta haitzuloetako ohiko bizilagunak dira, baita goi mailako animaliak ere, hala nola, ornodunak. Oso ohikoa da anfibioak aurkitzea, esaterako, igelak eta apoak. Arrabioak eta uhandreak ere meatze eta haitzuloetako bisitari ohikoak dira. Azeriek, azkonarrek, muxarrek eta katajinetek babesleku eta habia gisa erabiltzen dituzte meatzeak. Batzuetan kumeak egiteko, bestetan, harrapakinak jan edo ezkutatzeko babesleku gisa, baita neguko hilabeteetan lozorroan egoteko ere. Eta nola ez, liluragarrienak, munduan dauden ugaztun hegalari bakarrak. Animalia horietako hainbat espezie ikusi ditzakegu. Animalia bitxi hau gauez ibiltzen da. Horrexegatik, egunez atseden hartu eta lo egiten du eguzkitik urrun dauden babeslekuetan, eta gauean, intsektuak ehizatzen ditu jateko. Denborarik gehienean kobazulo eta meatzeetan bizi dira. Barruan igarotzen dute negua, eta bertan egiten dituzte kumeak. Azkenik ekosistema honetan bizi diren hegaztiak ere aipatuko ditugu. Espezie batzuek barrualdean egiten dituzte habiak, hala nola, enarek eta txirrinek. Batzuetan, hontzak eta gaueko mozoloak ere ikusi izan ditugu.

Garroko meatzeetan aurkitu ahal izango ditugu erreportajean ikus ditzakegun argazkietan ageri diren izakiak.

 

Garroko beheko meatzearen barrualdean aurkitutako perretxikoak

Garroko meatzeak

Laginak biltzen Garroko meatzeetako hondakindegi batean

Bolborategitzat erabilitako meatzea.Sorgailu hidraulikoaren txabola
Garroko meatzeak

Sorgailuaren xehetasuna

Garroko meatzeak

Beheko meatzearen amilburua eta sarrera

Ur-jauzi honetan egongo zen, ustez, Garroko meatze nagusiaren sarrera Errekalamien bizitokia izan zitekeena.

Garroko meatzeak

Garroko goiko meatzea