Goursak espeleotemak dira, kaltzitazko dikeen eitea dutenak. Ur-laminak maldetatik ia etengabe erortzen diren lekuetan sortzen dira. Horrexegatik, modu mailakatuan sortzen dira, eta zenbat eta malda handiagoa, orduan eta altuera handiagoa izan dezakete. Jatorriari buruzko azalpenik ohikoenak dioenez, irregulartasunak edo materialak egoten dira haitzaren gainean, eta horiek ur-laminaren fluxua oztopatzen dute, eta horren ondorioz, turbulentziak sortzen dira, kaltzio karbonatoa prezipitatzea eta dikeetan metatzea ahalbidetzen dutenak.

Goursen tamaina milimetro batzuen eta hainbat metroren artekoa izan daiteke, eta metro batetik gorako sakonera izan dezakeen ura pilatuta izaten dute barrualdean, nolabaiteko aktibitatea duten bitartean. Izarraitzeko karstean egin ditugun esplorazioetan, aurkitu ditugun gours handienak Haizearen kobazuloan daude, Kilimon bailararen goi-ibarrean.

Goursak. Debabarrena espelotemak

Arraztoko leizeko gours aktiboak, Mendaro.

Goursak espeleotemak dira. Gure barrunbeetan dezente ugariak dira, eta barrunbe gehienetan aurkitu ahal izango ditugu. Era berean, ohikoena da talde eratuak aurkitzea malda handiagoko edo gutxiagoko gainazaletan. Hala ere, malda oso txikia izan daiteke, eta gainazala ia-ia horizontala. Dena dela, noizean behin, gours bakarti bitxiak aurkitzen ditugu, gure barrunbeetako txoko batzuk apaintzen dituztenak eta gure arreta osoa merezi dutenak; izan ere, guztiek dute bitxikeriaren bat, eta guztiek eman diezagukete informazioren bat.

GoursakGours bakarti laukizuzena Arnoko karsteko barrunbe batean. 4 aldeko gours bitxi honetan, argi eta garbi ikus daiteke ezkerraldeak biltzen duela gourserantz doan kolada txikiaren ura, kaltzitazko dike bat libre baitago. Beste 3 aldeetan, kaltzitazko dikeak ikus ditzakegu. Horiek erabat ixten dute goursa, eta ura pilatzea ahalbidetzen dute. 3 dikeko gours honen azalpen gisa, esan, gain txiki batean dagoenez, ezkerraldetik sartzen den ura 3 isurialdeetatik erortzen zela, eta, horri esker, 3 dike sortu zirela.

Gure inguruko barrunbe batzuetan, goursezko zoru deigarriak ikus ditzakegu. Ikusgarriak dira, eta haien eboluzioari eta jatorriari buruzko informazioa ematen digute.

Goursak. Debabarrena espeleotemak 3

Gours fosilen zorua, sigi-saga doazen lokarrien tankerakoa. Aitzbeltz haitzuloa (Mendaro)

Aitzbeltz haitzuloaren kasuan, sarreratik gertu, bilakaera urria izan duen gours zoru bat aurkituko dugu, lokarri tankerakoa. Horrek adierazten du barrunbea, jatorrian, hustubide bat izan zela, nahiz eta, azken etapan, izan zuen ur zirkulazioa txikia izan. Aurrerago, barrunbearen barrualdean, errekarri ez karetsuak ikusi ahal izango ditugu, eta horiek ere funtzionamendu hau berresten dute; izan ere, errekarriak barrunbearen kanpoko lursailetatik datoz.

Baina goursezko zoruei buruz ari garela, Izarraitzeko karstaren barruan aurkitu ahal izan dugun adibiderik ikusgarriena Ekaineko leizearen lehenengo aretoan dago. Aipamen berezia egin behar zaio areto honetan ikus daitekeen goursen kontzentrazioari, baita zorua estaltzen duten estalagmiten geruza lodia zulatzen duen goursaren itxura bereziari ere.

Goursak

Goursezko zorua, Ekaineko leizearen lehenengo aretoan

Oro har, esaten dugu gours bat aktiboa dela, urtearen zatiren batean edo urte osoan, ura pilatuta baldin badauka. Hori horrela izan ezean, fosiltzat hartzen dugu. Gure ustetan, ur pilaketa txiki horiek, ezinbestekoak izango ziren milaka urteetan gure barrunbeetan bizi izan ziren animaliak eta gizakiak asetzeko. Are gehiago, gaur egun ere, espeleologoek erabilera hori baieztatu dezakete. Goursetako ura era horretan erabiltzen zela adierazten duen adibide argi bat Aitzbeltz haitzuloan ikusi ahal izango dugu; izan ere, ziur gaude, barrunbe horretan babestu ziren hartz ugariek barrualdean aurkitu zuten ura probestu zutela, baita kobazulo horretan bizi izan ziren antzinako gizakiek ere.

cueva de Aitzbeltz

Aitzbeltz haitzuloko goursa.

Goursek kaltzitazko urmahel txikiak diruditenez, batzuetan, nahastu egin ditzakegu gure barrunbeetan aurkitzen ditugun beste fenomeno espeleogenetiko batzuekin. Arraztoko leizearen barruan, antzinako marmita kaltzifikatu bat ikus daiteke, goursekin nolabaiteko antzekotasuna duena, dagoeneko desagertuta dagoen erreka fosil baten ohantzean.

Arraztoko leizeko erreka fosil baten antzinako marmita. Erabat kaltzifikatuta egoteaz gain, kaltzitazko bisera handi bat du, hein handi batean estaltzen duena.